Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Floreaga Ikastetxeak urte berezia izango du 2015a, Joan Boscoren jaiotzaren 200. urteurrena ospatuko baitute. Salestarren fundatzailea izan zen santua, eta hark egindako «lan bikaina» gogoratzeko urte osorako «egitarau oparoa» antolatu dute ikastetxeak eta Alai Batza taldeak, eta hil honetan hasiko dira lehenengo ekintzak; igandean bertan.
Alai Batzako dozenaka lagunek On Bosco antzezlan musikala prestatu dute. Bi urtetik behin taularatu ohi dituzte; 1992an hasi ziren horretan, eta orduan Don Bosco lana eskaini zuten, gaztelaniaz. Santuaren jaiotzaren urteurrenean, lan hari eutsi diote, eta euskaratu egin dute. Honakoa da istorioaren haria: «On Boscoren bizitzaren inguruko antzezlana da. Gazte koadrila bat haren inguruko antzezlan bat prestatzen ari da, eta horretan ari direnean bere pasarte garrantzitsuenak kontatzen dituzte», azaldu du taldeak.
Berrogeita hamar lagun inguru aritu dira proiektua aurrera eramaten, eta besteak beste eurek grabatu dituzte musikaleko abestiak ere. Igandean estreinatuko dute lana, eta datozen asteetan hainbat emanaldi izango dituzte: igandean (17:00etan), urtarrilaren 23an (21:00etan) eta urtarrilaren 25ean (17:00etan) Floreaga Ikastetxeko On Bosco aretoan eskainiko dute, eta urtarrilaren 31n (17:00etan) Baztartxo aretoan ikusteko aukera egongo da. Era berean, otsailaren 7an Urnietan eskaintzekoak dira.
Sarrerak, salgai
Sarrerak hiru eurotan salduko dituzte, eta Floreaga Ikastetxeko idazkaritzan edo alaibatza@alaibatza.com helbidera idatzita eskatuz eros daitezke. On Bosco antzezlan musikalak, besteak beste, Azkoitiko Caritasi eta Gazteak eta Garapena erakundeari laguntzen diote, eta beraz, lortutako diruaren zati bat hara bideratuko dute. «Saio guztiak betetzen dira, eta horregatik eskaintzen ditugu horrenbeste emanaldi. Erantzun oso ona izaten dute, eta jendeak ohitura hartuta du saioetara joateko».
Joan Bosco 1815eko abuztuaren 16an jaio zen, I Becchi herrian, Piemonten, Italian, eta haren irudia zabaldu nahi dute lanaren bidez: «Bizitza gogorra izan zuen, eta muga askori egin behar izan zion aurre. Gaztetatik ikusi zuen gazteen eta behar handiena zutenen alde egin behar zuela. Garai hartarako, apaiz modernoa eta aurreraikoia izan zen», azaldu dute.
Antzezlan musikalarekin hasiko dituzte urteko ospakizunak, baina urtean zehar beste hamaika ekintza izango dituzte. Martxoan egiten dituzten Kultur Jardunaldiak, esaterako, On Boscori bideratutakoak izango dira. Era berean, hilabete honetako beste ekintzetako bat Azkoitiko Joseba Jatetxean egingo duten afaria izango da. Salestar komunitatea ez ezik, herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara: «Ospakizun ederra izan daiteke Floreagako ikasle, guraso, ikasle ohi, Alai Batzako begirale, Adma eta Gazteak eta Garapena taldeetako kide eta edozein herritarrentzat», esan dute. Hilaren 31n egingo dute afaria, 21:00etan, eta hara joateko txartelak urtarrilaren 29ra bitartean erosi ahal izango dira, Floreaga Ikastetxeko idazkaritzan, 25 euroren truke.