Asteleheneko atxiloketek berehalako erreakzioak, eta era askotakoak eragin zituzten batean eta bestean. Asko izan dira, esaterako,
Madrilera bidaiatu dutenak. Tartean dira eskualdeko herritar zein udal ordezkariak, Zarauzkoak, kasu. Bagliettori eta besteei babesa ematen izan dira.
Eskualdean ere egin dituzte elkartasun keinuak eta salaketak.
Zarauzko EH Bilduk, EAJk eta Ezker Anitzak idatzi bateratuan nabarmendu dute atxiloketa horiek «oinarrizko giza eskubideen aurkako eraso larria» direla, «Euskal Herrian irekitako bake, demokrazia eta askatasunaren aldeko bide berriaren aurkako erasoak». Bide horrek sortutako «ilusioa hauspotzeko eta berau ez zapuzteko pausoak ematen» jarraituko dute alderdi horiek, eta gauza bera eskatu diote «konponbidearen ertz guztietako arduradunei». Eskatu dute «indar armatuen desagertze ordenatua», eta Zarauzko Guardia Zibilaren kuartela hustutzeko, Zarauzko Udalbatzak onartu bezala.
Zarauzko Udaleko Emakumeen Kontseiluak Bagliettori «babesa eta maitasuna» agertzeaz gain, herritar guztiei adierazi die Zarauzko emakume bati jazartzen zaizkion bakoitzean, eurak ere jazartuak sentitzen direla, «are gehiago emakume hori bere lanbide jardueragatik gure artetik bortxaz aldenduarazten badute».
Zumaiako Sortuk esan du atxiloketek «demokrazia eta Espainiar Estatua kontzeptu antagonikoak direla inoiz baino argiago» erakutsi dutela. Hori dela-eta, Sortuk honakoa uste du: «Euskal herritarrei dagokie eskubide zein ekonomia mailan Erdi Aroko praktiketara garamatzan Espainiarekin hautsi eta herritarra erdigune izango duen Euskal Estatu demokratikoa eraikitzeko bidea egitea».
Aurreko egunetan ere Urola Kostako hainbat herritan egin dituzte aldarrikapenak. Astelehenean, esaterako,
Zarautzen dozenaka lagun bildu ziren «espetxe politika kriminala» gelditzeko eta presoak etxeratzeko eskatuz. Sortuk deituta,
Getarian ere dozenaka lagun elkartu ziren egun berean, salatzeko asteleheneko atxiloketak eta atzo Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia, alegia, Kepa Pikabeari Frantzian betetako zigorra aintzat ez hartzea Espainian.
Azpeitian Espainiako Estatuaren «eraso zaparrada» salatu zuten herenegun: abokatuen atxiloketak, Hasier Arraiz Sortuko bozeramalearen esanak fiskalarengana eraman izana eta presoek Frantzian betetako zigor urteak aintzat ez hartzea. Sortuk deituta, plazan elkartu ziren herritarrak.
Datozen mobilizazioak
Eraso horiek salatzeaz gain,
Azpeitiko Sortuko kideek herritarrak animatu zituzten «datozen mobilizazioetan» parte hartzera, besteak beste, larunbatean Donostian, 17:00etan Antiguako tuneletik hasita eta
Giza eskubideak, bakea eta konponbidea lelopean egingo dute manifestaziora joateko.
Hain zuzen, hori bera eskatuko dute ostegun honetan
Azkoitiko Elkargunean 18:30ean Azkoitiko, Azpeitiako, Errezilgo eta Zestoako hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek. Aurreratu dute autobusak antolatu dituztela larunbatean Donostiara joateko, eta jada izena eman daitekeela: Azkoitian Etxeaitzen eta Zakelan; Azpeitian Jim Clarken, Zuhatzen eta Orkatzen, eta Zestoan ohiko lekuetan.
«Euskal Herriak behar duen konponbideari egiten ari zaizkion erasoen aurrean, ezinbestekotzat jotzen dugu herritarrek ere paper aktibo eta nagusi bat jokatzea», nabarmendu dute
Zarauzko EH Bilduk, EAJk eta Ezker Anitzak. Horrenbestez, mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte zarauztarrak.
Zumaiako Sortuk ere Donostiako mobilizazioarekin batzeko deialdia egin du, «egoerak herri gisako erantzuna eskatzen duelako».
Zarautzen ostiralean egingo dute manifestazioa, 20:00etan udaletxe paretik hasita.
Azpeitiko udal gobernuak ere egin ditu adierazpenak. Hark uste du oinarrizko giza eskubideen kontrako eraso larria dela. “Gainera, atxilotu gehienak abokatuak dira eta edonork daukagun defentsa eskubidea ere urratzen du. Ematen du batzuek ez dutela defendatzeko eskubiderik”.
"Urtebetean luzatu den operazio polizial eta politiko-mediatikoa baten aurrean gaude, moduak eta epeak beraiek erakusten dute justiziarik ezer gutxi dutela atxiloketa hauek; besterik gabe, gure herriko bake eta askatasun nahia zuzenean kolpatzea bilatzen dute”.
Gertaeraren aurrean bere konpromisoa luzatzen duela esan du Azpeitiko udal gobernuak: “Nazkatuta gaude elkartasuna, tristura eta mina adierazten horrelako gertaeren aurrean. Bada garaia behingoz oinarrizko eskubideak herritar denontzat eta gure herriarentzat blindatzeko. Bakoitzak eman dezala pausu bat, beste aldera inor utzi gabe eta beste aldera begiratu gabe. Denon giza eskubideak errespetatzea gutxieneko pausua da. Denon ardura da pausu bat aurrera ematea, guk konpromiso hori dugu eta nahi duenak alboan izango gaitu”.