
Azpeitiko Librek eta arlo desberdinetako dozena bat lagunek otsailean Madrileko audientzia nazionalean epaituak izango diren herriko bi gazte babestu dituzte. Azpeitiarrei bi urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatzen die fiskalak. Horrez gain, zortzi urteko inhabilitazioa, 4.020 euroko isuna eta bederatzi eguneko gizarte-lanak egitea ere galdegin du. 2010ean atxilotu zituzten gazteak orduan atxilotu berria zen Iosu Urbieta
Pou herritarraren askatasuna eskatzeko margoketak egitea egotzita. Hori dela eta, "terrorismoa goratzea" eta "erresistentzia" delituak egozten zaizkie.
Azpeitiko Librek adierazi du "guztiz neurriz kanpo" dagoela eskakizuna, eta "eskandalo demokratiko" gisa definitu dute. Haien arabera, "adierazpen askatasunaren aurkako erasoa" eta "gazteak beldurtzeko modua" da zigor eskaera. Horregatik epaituak babesteko argazki erraldoia ateratzeko hitzordua jarri dute, hilaren 30ean, 19:30ean, Frontoi Txikian.
Eneko Ibargureni babesa erakutsi diote
Bestalde, Eneko Ibarguren herritarraren egoera gogorarazi dute. Izan ere, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko koartelera joan da deklaratzera gaur arratsaldean, langileen aurkako delitua leporatu diotelako. Akusatua 2013an atxilotu zuten, Herrira taldearen aurka eginiko sarekadan; gaur, berriz, deklaratzera deitu dituzte bera eta atxilotuak izan ziren gainontzekoak. "Presoen eskubideen aldeko lana kriminalizatzea" salatu dute Ibargurenen kasuan, eta elkartasuna adierazi diote.