[caption id="attachment_122601" align="aligncenter" width="300"]

Manuel Altuna 'Kanpaxa' herenegun danborradako entseguan (Nerea Uranga).[/caption]
«Ez naiz akordatzen nondik nora hasi nintzen gure elkarteko danbor taldea zuzentzen. Pentsatzen dut bateren batek esanda izango zela. Musika beti gustatu zait, baina belarri ona inoiz ez dut izan», dio Manuel Altuna
Kanpaxa-k (Azpeitia, 1939). 50 urte beteko ditu aurtengo San Sebastian bezperan Gure Ametsa elkarteko danborradako taldea zuzentzen. Taldea sortu zenetik da zuzendaria.
Bost taldek irten zuten 1966ko San Sebastian bezperako danborradan; tartean, Gure Ametsak. Orduan, musika bandarekin egiten zuten ibilbidea: «Azpeitiko Musika Bandarekin irteten genuen bost taldek; gero, zortzi talde ginenean, bi musika bandarekin, hemengoa eta Legazpikoa. Hamar talde izatera pasatu ginenenean, Zestoako banda etortzen hasi zen. Gero, taldeak gehitu eta gaur egun bezalaxe, megafoniarekin hasi ginen». Baina Altunarentzako bandarekin danborrada jotzea ederra da.
Beti sukaldari jantziarekin irten dute Gure Ametsakoek: «Horixe falta zelako-edo hasiko ginen sukaldari». Upelak jotzen dituzte. Pasaiatik ekarri zituzten duela 50 urte: «Oraindik ere orduan egindakoak ditugu. Gure Ametsako bi bazkide, Juanito Imaz eta ni, motorrean Pasaiara joan ginen upelgile batengana. Han aukeratu eta gero egindakoan ekarri zizkiguten. Garai hartan 45 bazkide ginen elkartean, eta denok irteten genuen danborradan». Gaur egun 46 lagunek irteten dute, 32 gizonezkok eta 14 emakumezkok.
Gure Ametsaren lehen danborradan koilara handiarekin elkarteko bost bazkide zaharrenek irten zuten: «Lau hilda daude, baina bat bizi da: Ramon Altuna. Azkena danborradan 75 urte zituela edo irten zuen honek».
Arantxa izeneko hiru izan ziren Gure Ametsako lehenengo kantinerak: «Arantxa Aizpuru, Arantxa Elias eta Arantxa Martinez. Argazkiak ere badaude, Errebal atzeko etxe zahar batean genuen elkarte zaharrean ateratakoak».
Danborradan «euria, hotza, epelak...» denetik ezagutu ditu Altunak 50 urte hauetan: «22 gradurekin ere jota gaude». Urte batekoa ekarri du gogora: «Gure Ametsakoek erregenetan Errege Magoen desfilean irten genuen. Orduan, hotzaren hotzarekin Miserikordianekoan sua piztu ziguten, pentsa nola bukatu genuen. Hamar egunean egundoko hotzak egiten segitu zuen. Udaletxekoek kamioiarekin elurra kentzen jardun zuten kalean. San Sebastian bezperaren bezperan hegoaizea hasi zen, eta 20-22 gradurekin irten genuen. Ordea, hotz ederrak pasatutakoak ere bagara. Orain dela bi urte, berriz, blai eginda bukatu genuen. Gero, epeldu ginen elkartean, eta arropak han eskegi genituen, hurrengo egunean berriz irteteko».
San Sebastian martxa, ederra
Aurreneko urtean bezalakoxe emozioa sentitzen du Altunak
San Sebastian martxa jotzen dutenean: «Bai parrokia aurrean eta bai plazan. Niretzako horrelako piezarik ez dago».
Aurreneko urteetan pieza gutxi batzuk jotzen zituzten danborradan: «
Tatiago,
San Sebastian martxa,
Diana,
Idiarena eta beste gutxi batzuk. Gero, beste batzuk gehitzen joan dira Frantzesenak eginda.
Txokolo oso polita da, baita
Mandioko polka ere». Urtean- urtean ikasiz joan dela dio, baina oraindik entseguen aurretik etxean piezak entzun eta bere kasa jarduten du: «Etxean jarduten dut aurretik, jardunez ikasten baitira piezak. Gaur [herenegun] ere bilobekin jardun dut etxean».
Bezperaz gain, Gure Ametsakoek San Sebastian Egun goizean irteten dute Ardozaleak taldearekin batera. Aurten, 39 urte beteko dira San Sebastian Egunez irteten hasi zirela: «Aurreneko urtean Arauntza elkarteko taldearekin irten genuen, baina bigarren urtetik Ardozaleak-ekin irten dugu». Jose Mari Altuna zenak proposatuta hasi ziren Gure Ametsakoak San Sebastian Egunez irteten: «Udalbatzarekin batera elizara etorri eta prozesioan parte hartzea proposatu zigun berak, baina orduan prozesioa bukatu ahala bukatzen genuen guk ere».
Orain dela 12 bat urte eliza barruan jotzen hasi ziren. «Kepa Susperregi erretoreak proposatuta, eliza barruan jotzen hasi ginen San Sebastian martxa, eta meza nagusia hasi aurretik oso gustura entzuten du jendeak. Momentu ederra da».
Bezperan, goizaldeko ordubatak aldera arte danborra jotzen jardun eta hurrengo goizean danborradan berriro irtetea ez dela erraza dio Altunak, baina berarentzako ederra izaten da egun hori ere: «Bezperan erretiratzerako ordubiek jotzen dute, eta hurrengo egunean zortzietarako jaiki egin behar izaten da». Horregatik, taldea osatzeko egunean bertan beste talde batzuetako danborjoleak gehitzen dira Gure Ametsakora: «Bat gogoratu nahi nuke: Ignacio Javier Garde urtero etortzen zen Iruñetik, eta bezperan Alkartasuna taldekoekin irteten zuen. San Sebastian Egunez gure taldera gehitzen zen. Gaixo zegoelako iaz ez zen etorri, eta hil berria da».
SOKAMUTURRAREN ZALE AMORRATUA
Sansebastianak herriko festarik gogokoenak ditu Manuel Altuna
Kanpaxa-k. Horrez gain, sokamuturraren zale amorratua dela dio: «Niretzako horrelako espektakulurik ez dago. Beldurgarri gustatzen zait sokamuturra». Herriko plazako arkupeetan ibili izan da zezenean, «hainbat argazki badira bertan azaltzen naizenak»
Orain, ordea, «ibili ezin». «Zezenaren irteera bakarrik ikusten dut, Plaza Txikian. Bestela, goitik ikustea ez zait gustatzen, hesian-eta ikusten egotea ez dut gustuko».
Botijo zezena ezagututakoa da: «Ederra eman zidan
Botijo-k, lau edo bost aldiz harrapatu nau zezenak. Eta, orain dela bost-sei urte San Sebastian arratsaldean eta karnabal goizean harrapatu ninduen zezenak, eta orduan esan nuen nireak egin zuela». Astearte Inauterietako diana ere «zoragarria» izaten da Altunarentzako.