Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Natul Azpeitiko euskara taldeak bere oinarriei eta helburuei buruzko erakusketa «berezia» estreinatu zuen asteartean, Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko bederatzi artistak lagundu diete elkarteko kideei beraien ezinegonak eta asmoak irudiz islatzen; eta, horrenbestez, hamar koadroko lana prestatu dute guztien artean.
«Euskara denon altxorra denez, Natul-en helburuak ere denon helburuak izateko bidea urratu nahi dugu», adierazi dute euskara elkarteko kideek. Horregatik erabaki dute erakusketa herritarren laguntzarekin egitea. Dekalogo bat prestatu zuten Natul-eko kideek, eta hamar puntu nagusi atera zituzten zerrenda horretatik. Behin lan hori eginda, herriko artistekin hitz egiten hasi ziren, eta boluntario bakoitzari esaldi bana eman zioten marrazki, diseinu edo collage bidez beraien modura interpreta zezaten.
Irailean hasi ziren ideiari bueltak ematen euskara elkarteko kideak; eta, hiru hilabeteko lanaren ostean, asteartean plazaratu zituzten bai dekalogoko puntuak, bai artisten irudiak. Horretarako, mokadutxoa antolatu zuten Sanagustinen, eta herritar guztiak gonbidatu zituzten ekitaldira. 30 lagun inguru joan ziren aurkezpenera, eta guztien artean estreinatu zuten erakusketa. Horrenbestez, otsailaren 10era bitartean ikusgai egongo da Natul taldearen oinarriei buruzko lana Sanagustinen. Honakoak dira egitasmoarekin bat egin duten artistak: Olatz Aguado, Itziar Aranguren, Jon Etxaniz, Naiara Goenaga, Iban Izagirre, Xanti Rodriguez, Iñaki Martinez, Enok Sudupe eta Lierni Varela.
Landu dituzten puntuek, berriz, Azpeitian euskarak duen tokiaren bi alderdi erakusten dituzte. Batetik, segurtasuna eta transmisioaren eraginkortasuna islatu dituzte; horrekin zera nabarmendu nahi izan dute, Azpeitia azpeitiarrei esker dela herri euskalduna, eta bide horri jarraitzea garrantzitsua dela. Bestetik, arriskuak plazaratu dituzte, udalerria arnasgune sendoa den arren, egoera hori makaldu edo aldatu daitekeela azalduz.
Botoa eman, eta saria irabazi
Denena den erakusketa egiteko helburuari jarraiki, Natul euskara taldeak artelanak zozkatuko ditu herritarren artean, erakusketa amaitzen denean. Zozketan parte hartzeko, azpeitiarrek gehien gustatzen zaien marrazkiari botoa eman beharko diote, eta artelan horren zerrendan sartuko dira zuzenean. Botoa eman ahal izateko, erakusketarekin batera, postontzi bat jarri du Natul-ek Sanagustinen. Gainera, postontziaren ondoan orrialde batzuk jarri dituzte ordezkariek, botoa ematea errazteko eta herritarrek taldeari ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Zozketa batean baino gehiagotan parte har dezakete erakusketa ikustera joaten direnek, baina ezin izango dute koadro bat baino gehiago irabazi.
Bestalde, datorren astetik aurrera, Interneten jarriko dituzte marrazkiak ikusgai. Beraz, sare sozialen bitartez edo natul.euskeraz@gmail.com helbidera mezua bidalita ere botoa emateko aukera egongon da. Sareko erabiltzaileek ere zozketan parte hartuko dute, mezuan beraien izen-abizenak eta telefono zenbakia jarrita.