Mikel Etxeberria: "Geuk antolatzen dugun lasterketa bat izanda, poza ematen du irabazteak"

Aritz Mutiozabal 2015eko urtarrilaren 15a

[Sasoian.info] Aurreko igandean Zumaiako txakur kros lasterketa irabazi zuen Mikel Etxeberriak (Zumaia, 1983), Duke txakurra bidaide harturik. Denboraldiko hirugarren garaipena du lasterkari zumaiarrak, eta gustura dago azken boladan erakusten ari den mailarekin. Asteburu honetan Comillasen (Kantabria, Espainia) izango da, Espainiako Kopako proba bat jokatzen. Lasterketa ikusgarria izan zen Zumaiakoa, azkenera arte lehia estua izan zenutelako. Lasterketa burua aldatzen joan zen uneoro, eta azken momentuan esprintean erabaki genuen garaipena. Lehia parekatua izan zen, oso estua, eta azkenean nik irabazi nuen, Joxe Felipe Larrazabalen aurretik. Iaz hark irabazi zidan, lau segundoko aldearekin, eta aurten ere hortxe ibiliko zela espero nuen. Banekien irabazteko aukerak neuzkala, baina nire zalantzekin, bera ere oso lasterkari ona baita. Irteeran gorabehera batzuk izan zituen Larrazabalek, ezta? Arazoak izan zituen, eta txakurrak ihes egin zion. Ondorioz, atzean geratu zen, txakurra harrapatu behar izan zuelako. Hala ere, kilometro batzuk egin ondoren, atzetik geneukala ikusi nuen. Ez zuen denbora askorik galdu eta, beraz, bukaerara arte lasterketa oso gogor joango zela ohartu nintzen. Anaiak (Pedro Etxeberria) ere aurrea hartzen zidan aldian-aldian, eta jarraian nik bera. Horrela, hirurok batera iritsi ginen azken kilometrora, eta esprintean bukatu genuen. Iazko txapelduna azken txanpan mendean hartzea errebantxa moduko zerbait izan al da? Pixka bat, bai. Aurten laugarrenez jokatu da lasterketa: lehenengo bietan anaiak irabazi zuen, eta hirugarrena Larrazabalek. Iaz irabazteko itxaropena neukan, baina Larrazabalek kendu zidan, eta aurten poza sentitu dut alderantzizkoa gertatu denean. Etxean irabazteak, gainera, poz gehiago emango du, ezta? Bai, hala da. Geuk antolatzen dugun lasterketa bat da, eta poza ematen du bertan irabazteak. Podiuma osatu genuen hiru lasterkariok Canun taldeko kideak gara, eta elkarren aurka aritzen gara lehian toki guztietan. Baina etxean geuk irabazi nahi genuen, bai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide