[caption id="attachment_122557" align="aligncenter" width="300"]

Ainhoa Baglietto aske utzi duten unea, haren aitarekin batera (Gari Berasaluze).[/caption]
Ainhoa Baglietto abokatu zarauztarrak «haserre» sentitu direla adierazi du gaur, aske utzi dutenean. Haserre, atxiloketa data zehatz batzuetan egin dutelako; hau da, larunbateko Bilboko manifestazioaren ondoren. «Ez zuten herriko amorrua manifestazioan nabaritzerik nahi». Atxiloketa «joan den uztailean egitekoak ziren berez», baina orduko hartan abokatuen kolegioetara jo, prentsaurreko bat eman eta sumarioan ere aurkeztu zirela gogora ekarri du Bagliettok. «Hala ere, garbi dago hemen berdin duela egunero bertan lan egiten baduzu ere. Atxiloketak ohikoak dira».
Pozik daude Guardia Zibilak haienganako tratua «ona» izan duelako, «baina badakigu gure kasua berezia dela. Guri tratu fina ematen digute epailearen aginduz, baina beste kasu askotan ez da horrela izan».
Bermerik gabe geratu dira aske Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean gaur deklaratu duten zazpi atxilotuak—Baglietto, Aiert Larrarte, Atxarte Salvador, Kepa Mantzisidor, Jaione Karrera, Ane Ituño eta Alfontso Zenon—, baina baldintzapean: eguneroko lana egitea eragotzi diete. «Ez digute uzten espetxeetara bisitak egiten, ez baldin bada epailearen baimenarekin edo antzeko zerbait. Aztertu beharra dugu, eta errekurritzeko asmoa daukagu». Fiskalak 50.000 euroko bermea eskatu du haientzat, baina epaileak bermerik gabe aske uztea erabaki du.
Azken atxiloketak eta aurreko guztiak «ez dira helburu eta finantzazio arazo bat», nabarmendu du zarauztarrak. «Gure atxiloketaren asmoa izan da euskal preso politikoak asistentziarik gabe uztea, hori da funtsean dagoen arrazoia».
Ildo bereko erabakia hartu zuen atzo Velascok Amaia Izko, Onintza Ostolaza, Arantxa Aparicio, Haizea Ziluaga, Eukene Jauregi abokatuen eta Nagore San Martin Herrira mugimenduko kidearen inguruan. Libre utzi zituen, baina karguekin. Pasaportea kendu zieten eta hilero joan beharko dute epaitegira sinatzera. Espetxeetara «bisita antolatuak» egitea debekatu diete.
Askotariko erreakzioak
Astelehenean hamasei lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak Euskal Herrian zein Madrilen, ETA babestea eta Ogasunaren kontrako delitua egin izana leporatuta. Hamabi abokatuak dira, eta beste lau Herrira-ko kideak. Atxiloketek berehalako erreakzioak, eta era askotakoak eragin zituzten batean eta bestean. Asko izan dira, esaterako,
Madrilera bidaiatu dutenak. Tartean dira eskualdeko herritar zein udal ordezkariak, Zarauzkoak, kasu. Bagliettori eta besteei babesa ematen izan dira.
Eskualdean ere egin dituzte elkartasun keinuak eta salaketak.
Zarauzko EH Bilduk, EAJk eta Ezker Anitzak idatzi bateratuan nabarmendu dute atxiloketa horiek «oinarrizko giza eskubideen aurkako eraso larria» direla, «Euskal Herrian irekitako bake, demokrazia eta askatasunaren aldeko bide berriaren aurkako erasoak». Bide horrek sortutako «ilusioa hauspotzeko eta berau ez zapuzteko pausoak ematen» jarraituko dute alderdi horiek, eta gauza bera eskatu diote «konponbidearen ertz guztietako arduradunei». Eskatu dute «indar armatuen desagertze ordenatua», eta Zarauzko Guardia Zibilaren kuartela hustutzeko, Zarauzko Udalbatzak onartu bezala.
Zarauzko Udaleko Emakumeen Kontseiluak Bagliettori «babesa eta maitasuna» agertzeaz gain, herritar guztiei adierazi die Zarauzko emakume bati jazartzen zaizkion bakoitzean, eurak ere jazartuak sentitzen direla, «are gehiago emakume hori bere lanbide jardueragatik gure artetik bortxaz aldenduarazten badute».
Zumaiako Sortuk esan du atxiloketek «demokrazia eta Espainiar Estatua kontzeptu antagonikoak direla inoiz baino argiago» erakutsi dutela. Hori dela-eta, Sortuk honakoa uste du: «Euskal herritarrei dagokie eskubide zein ekonomia mailan Erdi Aroko praktiketara garamatzan Espainiarekin hautsi eta herritarra erdigune izango duen Euskal Estatu demokratikoa eraikitzeko bidea egitea».
Aurreko egunetan ere Urola Kostako hainbat herritan egin dituzte aldarrikapenak. Astelehenean, esaterako,
Zarautzen dozenaka lagun bildu ziren «espetxe politika kriminala» gelditzeko eta presoak etxeratzeko eskatuz. Sortuk deituta,
Getarian ere dozenaka lagun elkartu ziren egun berean, salatzeko asteleheneko atxiloketak eta atzo Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia, alegia, Kepa Pikabeari Frantzian betetako zigorra aintzat ez hartzea Espainian.
Azpeitian Espainiako Estatuaren «eraso zaparrada» salatu zuten herenegun: abokatuen atxiloketak, Hasier Arraiz Sortuko bozeramalearen esanak fiskalarengana eraman izana eta presoek Frantzian betetako zigor urteak aintzat ez hartzea. Sortuk deituta, plazan elkartu ziren herritarrak.
Datozen mobilizazioak
Eraso horiek salatzeaz gain,
Azpeitiko Sortuko kideek herritarrak animatu zituzten «datozen mobilizazioetan» parte hartzera, besteak beste, larunbatean Donostian, 17:00etan Antiguako tuneletik hasita eta
Giza eskubideak, bakea eta konponbidea lelopean egingo dute manifestaziora joateko.
Hain zuzen, hori bera eskatuko dute ostegun honetan
Azkoitiko Elkargunean 18:30ean Azkoitiko, Azpeitiako, Errezilgo eta Zestoako hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek. Aurreratu dute autobusak antolatu dituztela larunbatean Donostiara joateko, eta jada izena eman daitekeela: Azkoitian Etxeaitzen eta Zakelan; Azpeitian Jim Clarken, Zuhatzen eta Orkatzen, eta Zestoan ohiko lekuetan.
«Euskal Herriak behar duen konponbideari egiten ari zaizkion erasoen aurrean, ezinbestekotzat jotzen dugu herritarrek ere paper aktibo eta nagusi bat jokatzea», nabarmendu dute
Zarauzko EH Bilduk, EAJk eta Ezker Anitzak. Horrenbestez, mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte zarauztarrak.
Zumaiako Sortuk ere Donostiako mobilizazioarekin batzeko deialdia egin du, «egoerak herri gisako erantzuna eskatzen duelako».
Zarautzen ostiralean egingo dute manifestazioa, 20:00etan udaletxe paretik hasita.