Errezilen, pertsonen neurrira pentsatutako zentroa

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 14a

[caption id="attachment_122398" align="aligncenter" width="300"]Errezilgo Eguneko zentroaren 10. urteurreneko ospakizunean haurrak eta adinekoak elkarrekin bingoan (Saiaz). Errezilgo Eguneko zentroaren 10. urteurreneko ospakizunean haurrak eta adinekoak elkarrekin bingoan (Saiaz).[/caption] "Herriarrentzat ahalik zerbitzu onena eskaintzea da gure xedea, eta horrek lan handia eskatzen du. Baina eginiko guztiak merezi du». Hala dio Elena Rikondo Errezilgo eguneko zentroko gizarte langileak. Abenduan bete zituen zerbitzuak hamar urte; izan ere, 2004az geroztik dabiltza lanean, dependentziak edo behar bereziak dituzten errezildarrei herrian bizitzeko aukera emateko. Hamar urtean asko aldatu da Errezil, eta harekin batera gizartea eta kultura ere bai. Rikondok dioenez, duela urte batzuk zailagoa zen herritarrak eguneko zentrora eramatea, eta oraindik badituzte zailtasunak: «Urteen eraginez normalizazio puntu bat nabaritzen den arren, oraindik ere kostatzen zaigu gure gurasoak edo aiton-amonak horrelako zentroetara eramatea». Hori dela-eta, zalantzan dauden guztiei zentroa probatzeko aukera eman nahi diete egun batzuez. Langilearen arabera, hasieran beldurra izatea «normala» den arren, ondo zainduta egoten dira bezeroak, eta familiak ikusten du hori. Rikondoren hitzetan, Errezilgo eguneko zentroaren «erronka handiena» bezeroak aurkitzea izan da orain artean. Hamar urteren buruan egoera aldatu bada ere, oraindik eguneko zentrora joaten diren pertsona gehienak gizonak direla azaldu du gizarte langileak. «Orain arte emakumea sukaldera oso lotua egon da, eta beraiek ere hala sentitu izan dute, baina, apurka-apurka, hasi dira haiek ere gure ekintzetan parte hartzen, eta hori albiste ona da», esan du. Rikondok azaldu duenez, errutina bat eramaten saiatzen dira, bertako pertsonak ohitu, eta eroso senti daitezeen. Goizero joaten da autoa etxez etxe eguna zentroan igaroko duten herritarren bila. Ondoren, gimnasia eta memoria jolasak egin ohi dituzte, eta bazkalostean, siesta egiten dute. Arratsaldean, berriz, karta-jokoan ibiltzen dira. «Gure ustez oso errekurtso interesgarria da zerbitzua; izan ere, errezildar askok nahi izaten dute herrian gelditzea, ez zaie gustatzen kanpoko egoitzetara mugitzea, eta aukera hori eskaintzea zilegi iruditzen zaigu», esan du langileak. Hamar urte, hamaika ekintza Abenduaren 3an egin zituen Errezilgo eguneko zentroak hamar urte. Urteurrenaren harira, ekitaldi bat antolatu zuten bertako langileek, baina ez egoitzan bertan, herrira zabaldu zuten ekitaldia. Hasteko, hamar urteko ibilbidea islatzen duten argazkiak jarri zituzten; ondoren, bingoan jolastu zuten haurrekin eta gazteekin, eta eguna ondo amaitzeko, gaztaina-jana egin zuten. Egoitzaren ekintzez gain, Errezilgo Berdintasun Plana dela-eta, zenbait ariketa ere egin dituzte eguneko zentroan. 2011tik daude ekintza horiek martxan, besteak beste, dantzak eta kafe tertuliak antolatzen dituzte, eta genero berdintasunaz hitz egiten dute bideoak eta albisteak aztertuta. Emakumea eta umorea tailerrak eskura, eguneko zentroetako andreentzat Emakumea eta umorea tailerrak antolatu dituzte Errezilgo, Beizamako eta Bidegoianeko eguneko zentroetako andreentzat. Urtarrilaren 18an, 25ean eta osatilaren 1ean izango dira hitzaldiak. Umorearen bitartez emozioak erakusten lagunduko diete emakumeei tailer horiek, eta Bidegoianeko Txintxorta eskolan eskainiko dituzte. Izena eman nahi dutenek horretarako aukera dute gaur edo bihar 943-68 11 telefono zenbakira deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide