Enpresak kudeatzeko modu berriak landuko dituzte bost proiektutan, Urola Kostako Udal Elkartetik

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2015eko urtarrilaren 14a

Enpresak antolatzeko eta kudeatzeko eredu berriak lantzeko bost proiektu abiatuko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak otsailean. Urola Kosta: giza kapitala ardatz, harreman modu berriekin etengabe berritzen doan eskualdea egitasmoaren barruan garatu dituzte proiektuak, eta egungo merkatu aldakorrari erantzuteko enpresen eta bertako langileen gaitasunak landuko dituzte. Alde batetik, Kultura Eraikitzailea izeneko proiektua abiatuko dute; bertan, enpresarentzat estrategikoa den lan eta antolamendu kultura eraldatuko dute, eta sistema berria kultura eraikitzailean oinarritzea nahi dute. Bestetik, Konpetentzietan oinarritutako kudeaketa sistemak proiektua ere landuko dute. Horren bidez, enpresen giza baliabideak kudeatzeko modua aldatu, konpetentzietan oinarritutakoa ezarri eta langileen konpetentziak enpresaren konpetentziekin bat etortzea ahalbidetuko dute. Horretaz gain, Konpromiso eta partaidetzaren kudeaketa ere jorratu nahi dute. Izan ere, udal elkartearen iritziz, pertsonen konpromisoa berreskuratzea ezinbestekoa da enpresa lehiakorra izan dadin. Hala, proiektu horretan langileen konpromisoa landuko dute. Gainera, Hazten ikasi proiektua ere martxan jarriko dute. Bertan, hazkundearen alderdi kuantitatibotik harago, ikuspegi kualitatiboari erreparatuko diote. «Espiritu berritzailea duten enpresak behar ditugu, etorkizuneko ikuspegia dutenak, gizarte erantzukizuna dutenak eta euren inguruarekiko sentiberak direnak». Hori lortzeko Klaus North irakasle doktorearen metodologia landuko dute, enpresek kudeaketa parte-hartzaileagoa barneratu dezaten. Azkenik, Errendimendu altuko taldeak proiektua ere garatuko dute. Urola Kostako Udal Elkartearen iritziz, enpresentzat garrantzitsua da erakundeko erronkei eta arazoei modu eraginkorragoan erantzuteko eta planifikazio estrategikoa izateko taldeak izatea, eta hori lortzen lagunduko diote proiektuan enpresei. Proiektuetan parte hartzen dutenei aholkularitza pertsonalizatua emango die udal elkarteak aldaketa prozesua abiatu dezaten. Proiekturen batean parte hartu nahi dutenek Urola Kostako Udal Elkartearekin jarri beharko dute harremanetan 943-89 08 18 telefono zenbakira hots eginda.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide