Imanol Illarramendi
Kortaberri-k (Aia, 1984) harri-jasotzen debuta etxean egingo du, Aiako igandeko
herri kirol jaialdian.
Igandean irtengo zara lehen aldiz plazara. Zer sentipen dituzu?
Oso urduri nago. 163 kiloko zilindro zaharra harri handia da, eta errespetua ematen dit. Orain arte harri txikiagoekin aritu gara entrenamenduetan, eta Joseba Ostolazak komentatu zidan polita izango litzatekeela 163ko kiloko harriarekin Aian bertan marka pertsonala jartzea. Probatu egin genuen,eta ondo moldatu nintzenez, horrekin arituko naiz igandeko saioan.
Etxean egingo duzu debuta, hortaz?
Kezka eta poza ematen dit lehen saioa Aian egiteak. Egia esan behar badut, nik neuk etxean baino nahiago nuen debuta kanpoan egitea. Aldi berean, poza ere sentitzen dut, lagun eta ezagun asko bilduko baitira igandean Aiako dema plazan eta animo asko jasoko ditudala uste dudalako.
Denbora asko al daramazu harri-jasotzen?
Auzoko jaiak antolatzeko dirua tamainan genuenez, auzoko gazteok herri kirol jaialdia guk geuk egitea pentsatu genuen. Hala, 100 kiloko harriarekin prestatzen hasi ginen, eta gustatu egin zitzaidan. Egia esan, berandu hasi naiz harri-jasotzen; probatu nuen arte ez zidan atentzio handirik ematen. Urtebete daramat Joseba Ostolazaren taldetxoarekin entrenatzen. 100 -125 kilo inguruko harriekin aritu gara beti, eta urratsa eman eta harri handiarekin probatzea erabaki dugu.
Aurrera begira helburu jakinik ba al duzu?
Oraingoz igandean lan txukuna egitea da nire asmoa. Oso urduri jartzen naiz, eta horrekin kezkatuta nago. Dena ondo ateratzea espero dut .