Naturaren labirintoa aurrez aurre

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2015eko urtarrilaren 14a

[caption id="attachment_122378" align="aligncenter" width="300"]Koldo Badillok Euskal Herriko eta atzerriko basoen irudiak jaso ditu Kaosetik Labirintora erakusketan (Koldo Badillo). Koldo Badillok Euskal Herriko eta atzerriko basoen irudiak jaso ditu Kaosetik Labirintora erakusketan (Koldo Badillo).[/caption] Naturak sortzen dituen sentimenak jaso ditu Koldo Badillo argazkilariak, eta Zarauzko Photomuseumen ikusgai dira gaurtik otsailaren 22ra bitartean. Kaosetik labirintora izenburua jarri dio egileak argazki sortari, eta bertan nagusiki Euskal Herriko eta atzerriko basoek urtaro desberdinetan eskaintzen dituzten ikuspegiak bildu ditu. «Urte asko daramat basoen argazkiak ateratzen, eta konturatu nintzen oso zaila dela basoetan aurkitzen den natura ordenatzea. Erabateko anabasa dira, eta argazkilariok beti saiatzen gara nahaspila horren konposizio ordenatu eta simetrikoa egiten». Kaosetik Labirintora erakusketarekin, orain arteko lanarekin hautsi nahi izan du egileak. Izan ere, une jakin batean konturatu zen anabasaren edertasuna balioan jartzeko garaia iritsi zela, eta hori irudikatu du erakusketan. «Basoen irudiak ikusmenaren labirintoak dira, begiak xehetasunen artean galtzen dira. Hasiera batean ikuslea erdigunea aurkitzen saiatzen da, baina argazki horietan ez dago besteen gainean nabarmentzen den elementurik», azaldu du. Kaosaren edertasunari so Gasteizen inauguratu zuen erakusketa Badillok, eta Zarauzko Photomuseuma izango da bigarren erakustokia. «Herritarrak harritu egiten dira erakusketara etortzen direnean. Nik uste dut hasierako begiradaz gain, atseden hartu eta bigarren begirada bat eskatzen duela erakusketak, orduan ohartuko baikara kaosaren edertasunaz». Egileak berak baso horietan sentitu dituen sentsazioak ikusleari sentiaraztea da helburua, eta lortu duela uste du. Azken 20 urteetan natura eta paisaia izan ditu inspirazio iturri urduñarrak. «Pertsona lasaia naiz, natura maite dut eta konturatu nintzen paisaia argazkilaritza zela nire bidea». Formazioz ere naturarekin estuki lotuta izan da bizkaitarra: biologia ikasketak ditu, eta biologiatik bizitzea «oso zaila zelako» argazkilaritzaren bidez naturara iristeko eta bere edertasuna azaltzeko bidea aurkitu zuen. Irudiaren mundua da bere pasioa; natura argazkilaritza landu eta arlo horretan Pirineos eta Euskal Herria aldizkarietarako hainbat erreportaje egiteaz gain, telebista argazkilaritza arloan du ogibidea; Aiako Bainet ekoizpen etxean, hain zuzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide