Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Giza eskubideak, bakea eta konponbidea lelopean egingo dute, gehiengo sindikalak eta eragile politiko eta sozial ugarik deituta. 17:00etan abiatuko da, Antiguako tuneletik. Etxerat elkartearen ustez, ez da kasualitatea atxiloketak Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren bezperan, eta Bilbon presoen eskubideen aldeko manifestazioaren ondoren izatea. Atxilotuen artean dago Ainhoa Baglietto abokatu zarauztarra.
Bestetik, atxilotuak gaur hasiko dira epailearen aurretik igarotzen, Madrilen. Arratsaldean sei atxilotu eramango dituzte Auzitegi Nazionalera, Eloy Velasco epailearen aurrera. Baglietto ez dago horien artean. Horrek bihar edo etzi deklara dezake epailearen aurrean.
Bien bitartean, Guardia Zibila Gipuzkoako Ogasunaren egoitzan izan da gaur, atxilotuen datu fiskalak eskuratzeko.
Atzoko polizia operazioak hainbat erreakzio eragin du eskualdean ere. Zarauzko ezker abertzaleak operazioaren dimentsioa nabarmendu du. Abokatuak lan publikoa egiteagatik atxilotu dituztela esan du eta zentzu horretan operazioa «gehiegizkoa» izan dela. Halaber, testuingurua ere aipatu du: Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egin zenetik bi egun pasatu direnean eraman dute operazio poliziala aurrera, eta Segurako auzia hastekoa zen egun berean. Hain zuzen, auzi horretako hiru abokatu atxilotu zituzten. «Politika kriminalaren» beste adibide bat dela salatu zuten, «mendekuan oinarritutako politikaren» beste adibide bat.
Operazioa «oinarrizko giza eskubideen kontrako eraso larria» dela salatu du Azpeitiko Udal Gobernuak: «Atxilotu gehienak abokatuak dira eta edonork daukagun defentsa eskubidea ere urratzen du. Ematen du batzuek ez dutela defendatzeko eskubiderik». «Gure herriko bake eta askatasun nahia zuzenean kolpatzea» bilatzen duela gaineratu du.
Horrelako gertaeren aurrean «elkartasuna, tristura eta mina adierazten nazkatuta» dagoela , eta badela garaia «oinarrizkoa eskubideak herritar denontzat eta gure herriarentzat blindatzeko». «Bakoitzak eman dezala pausu bat, beste aldera inor utzi gabe eta beste aldera begiratu gabe».