Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako 16 euskal herritarren aurkako operazioa, oinarrizko giza eskubideen kontrako eraso larria dela uste du Azpeitiko Udal Gobernuak. "Gainera, atxilotu gehienak abokatuak dira eta edonork daukagun defentsa eskubidea ere urratzen du. Ematen du batzuek ez dutela defendatzeko eskubiderik", esan du udal gobernuak.
Azpeitiko udal gobernuaren arabera, "urtebetean luzatu den operazio polizial eta politiko-mediatikoa baten aurrean gaude, moduak eta epeak beraiek erakusten dute justiziarik ezer gutxi dutela atxiloketa hauek; besterik gabe, gure herriko bake eta askatasun nahia zuzenean kolpatzea bilatzen dute".
Gertaeraren aurrean bere konpromisoa luzatzen duela esan du Azpeitiko udal gobernuak: "Nazkatuta gaude elkartasuna, tristura eta mina adierazten horrelako gertaeren aurrean. Bada garaia behingoz oinarrizko eskubideak herritar denontzat eta gure herriarentzat blindatzeko. Bakoitzak eman dezala pausu bat, beste aldera inor utzi gabe eta beste aldera begiratu gabe. Denon giza eskubideak errespetatzea gutxieneko pausua da. Denon ardura da pausu bat aurrera ematea, guk konpromiso hori dugu eta nahi duenak alboan izango gaitu".