Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarrak Hitz lauz bere bakarkako lehen diskoa (Gaztelupeko Hotsak) aurkeztuko du larunbatean, Azkoitiko Matadeixen. Binakako formatuan arituko da musikaria, Miguel Laguna ondoan duela Jon Gurrutxaga Duo izenpean. Dena den, haren kontzertua ez da gaueko bakarra izango, Moby Dick bakarlaria ere Matadeiko taula gainean izango baita, 22:30etik aurrera.
Urrian kaleratu zuen elgoibartarrak Hitz lauz diskoa, eta hango eta aurreko proiektuetako abestiak eskainiko ditu larunbatean. Hamar abestiz osatutako lana da, eta bere hitzetan, disko «semi-akustikoa» da: «Abesti guztiak gitarra akustikoarekin sortutakoak dira, baina gero beste musika tresna elektrikoekin jantzi dira. Banda osoa entzuten da abestietan, baina oinarrian gitarra akustikoa dago», esan du Gurrutxagak. Ingelesetik euskarara jo du abestietan, eta rock-aren eta bluesaren eraginarekin jarraitzen du: «Rock diskoa da», argitu du. Dena den, lekua dago funk doinuentzat (Denbora, bidea, zu eta ni), kontrabaxu eta hammond soinuen baladentzat (Txikia handi) eta folkarentzat ere. Bakarka sinatu badu ere, «lagun askorekin egindako diskoa» izan da kaleratu duena, besteak besteak lagun izan baititu Keu Agirretxea, Patxi Zabaleta, Iñigo Gorrotxategi, Xabi Lasa, Uxue Agirre eta Iñaki Gurrutxaga.
Bizi esperientzien inguruko kantu sortak dira azken lanean bildu dituenak, eta inoiz baino gertuago azaldu da: «Beste diskoetatik alderatuta lasaiagoa da, intimistagoa. Badaude abesti batzuk orain arteko nire estilora gerturatzen direnak, baina orokorrean diskoa lasaiagoa da, etxean, gitarra akustikoarekin sortuta daudelako».
Musikagintzan ia bi hamarkada beteko ditu Gurrutxagak: Arima Beltza taldeko bateria jotzaile eta abeslaria izan zen, eta 2007an taldea desegin aurretik hiru disko kaleratu zituzten. Ondoren, beste hainbat proiektutan aritu izan da: 2010ean, Jon & Sugramas diskoa argitaratu zuen, eta lau urte geroago bakarkako bideari eutsi dio. «Erronka izan da, baina modu honetara aurkezteko beharra ere sentitu dut». Izan ere, musikagintzan modu aktiboan jarraitzeko hautua hartu du Gurrutxagak: «Taldean aritzeak bere gauza onak eta oztopoak dauzka. Talde bezala, emanaldiak eta entseguak egitea ez da horren erraza, besteak beste bakoitzak bere lehentasunak dituelako. Musikan jarraitu nahi nuen, eta bakarka sinatuz gero bide horretan errazago jarraitu nezakeela uste nuen». Matadeiko kontzertuan, beraz, azken diskoko abestiak eta Jon & Sugramas proiektukoak taularatuko ditu. «Nire bakarkako ibilbidearen hasiera han eman nuen. Talde bezala aurkeztu baginen ere, abestiak nik sortu nituen, eta emanaldia kanta zahar horiek jotzeko ere baliatuko dut».
Ondo ezagutzen du Gurrutxagak Matadeixe, behin baino gehiagotan izan baita kontzertuak ematen, eta «xarma handiko» lekutzat du: «Matadeixek erakusten du Gaztetxeek eta halako lekuek kulturalki eta gizarte mailan euren funtzioa izaten jarraitzen dutela. Emanaldiak emateaz gain, Arima Beltzaren azken diskoko bideo-klipa han grabatu genuen. Leku kuttuna da niretzat».