Lau bilera egingo ditu datozen egunetan EH Bilduk Zarautzen, herri programa herritarrekin osatzeko

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 12a

Zarauzko EH Bilduk azaroaren 30ean jarri zuen martxan Puntuz Puntu prozesua, alderdi horren herri programa herritarrekin osatzeko. Urtarrilean ere hainbat bilera egingo dute datorren legegintzaldirako lana prestatzeko. Begotxu Olaizolak, EH Bilduko ordezkariak esan du herritarrentzat "Zarautz onena" lortzea dutela helburu: "Eta zein Zarautz nahi duten, herritarrek bakarrik esan diezagukete". Hori dela eta, aste honetarako lau bilera antolatu dituzte: bi sektorialak izango dira eta beste biak auzoetan egingo dituzte. Olaizolak adierazi du "behetik gorako" Zarautz eraiktzeko prozesuan "berebizikoa" dela zarauztarren parte hartzea: "Ekarpen guztiak ongietorriak izango dira. Guztion artean Zarautz berri hau hobetzeko elkarlanean aritu behar gara, baina herritarrak izan behar dira gure iparrorratza. Haiek adierazi behar dizkigute aplikatu beharreko politiken lehentasunak". Hori dela eta, auzoetako bilerak nabarmendu ditu, bertan ezagutaraziko dizkietelako herritarren "hurbileko beharrak". "Zarauztarrek zein behar eta zein nahi dituzten adieraztea nahi dugu", gaineratu du EH Bilduko ordezkariak: "Herritarrekin batera lan egiteko konpromisoa hartu dugu, elkarren arteko konfiantzazko harremana sustatuz eta horren oinarria herritarren erabakiak kontuan hartuko ditugula ziurtatzea da". Aste honetarako antolatu dituzten bilerak: - Sektorialak:  
  • Urtarrilak 13, bihar. Kultura eta euskarari buruz, 19:00etan Gaztelekuan.
  • Urtarrilak 14, etzi. Kirolari buruz, 19:00etan Zarauzko Kirol Elkartean.
- Auzoetakoak:
  • Urtarrilak 15, osteguna. Itxasmendiko auzo elkarteko lokalean, 19:00etan.
  • Urtarrilak 17, larunbata. Vista Alegreko auzo elkarteko lokalean, 11:00etan.
   

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide