Zestoako Danbolinzulon Paleolito garaiko pinturak aurkitu dituzte Antxietakoek

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 12a

[caption id="attachment_122215" align="aligncenter" width="300"]Azpeitiko Antxieta Arkeologi Taldekoak. Azpeitiko Antxieta Arkeologi Taldekoak.[/caption] Okrez eginiko margoak dira. Kobazuloa 1980an aurkitu bazuten ere, pinturak ez dituzte atzeman joan den urteko abenduaren 14a arte. Javier Maiz azpeitiarrak aurkitu du labar artea, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Taldeak baieztatu du pinturak benetakoak direla. Aldundian aurkeztu dute astelehenean, aurkikuntza, eta Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak azaldu du, gutxienez, bost irudi aurkitu dituztela, eta beste hiru bat zalantzakoak direla, «oso egoera kaskarrean» daudelako. «Zaharrak dira, eta ez daude oso ondo kontserbatuta», esan du Badiolak. Horregatik, «lehen neurria» haitzuloa eta inguruak babestea izan da. Beraz, dagoeneko itxi du barrunbea aldundiak, tokia zainduta egon dadin eta beharrezko azterketak egin ditzaten. Bestalde, Leire Etxeberria Zestoako alkateak eta Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak eskerrak eman dizkiete Antxieta arkeologia taldeko boluntario guztiei. Etxeberriaren arabera, berri «pozgarria» da pinturen aurkikuntza, eta «beste behin» agerian utzi du «Zestoako herriaren ondarea». Agoteren hitzetan, berriz, garrantzia berezia du aurkikuntza «gordetzeak» eta «ezagutarazteak». Horrenbestez, lanean ari dira erreplikekin eta bi dimentsioetako irudi bisualekin, haitzuloak gizarteratzeko. «Labar irudien banku baten falta ere sumatzen dut, eta hori izango da hurrengo erronka», jakinarazi zuen. Horrez gain, aurkikuntza babestearen garrantzia nabarmendu zuen Kultura Ondare zuzendariak: «Legez babestu behar dira margoak, beraz, guk ez dugu arazorik guztia ixteko eta zaintzeko». Zalantza uneak Javier Maiz Antxietako kide azpeitiarra bakarrik zegoen Danbolinzulon marrazkiak aurkitu zituenean. Hala azaldu du ordezkari politikoekin eginiko aurkezpenean. «Bakarrik sartu nintzen barrura, eta begira ari nintzela, ahuntz bat ikustea iruditu zitzaidan. Zalantza asko izan nituen, baina bat-batean beste irudi bat ikusi nuen: burua, adarrak, bizkarra». Maizen arabera, une horretan jakin zuen zerbait «berezia» aurkitu zuela: «Beste batzuei kostatu zitzaien ikustea, baina nik argi neukan». Jabier Lazkano ere Antxietako kidea da, eta aurkikuntzarekin «zortea» izan dutela dio. «Gu ez ezik, jende gehiago ere ibili da han haitzuloa aurkitu zutenetik, baina guri tokatu zaigu pinturak ikustea», azaldu du. Antxietako kideak igandero biltzen dira zerbait berriaren bila aritzeko, eta Lazkanok uste du beraien jarraikortasunagatik lortu dituztela horrenbeste gauza. Froga argiekin EHUko Historiaurreko taldeak argi utzi du Maizek aurkitutako okrezko margoak benetakoak direla. Hori frogatzeko, Marcos Garcia ordezkariak hiru arrazoi eman ditu: pinturen gaur egungo egoera, zer modutara joan diren ezabatzen eta margoen gainean pilatutako materialak zer motatakoak diren. Bestalde, agintariek jakinarazi dute ikertzen eta egoera ezagutzen ari diren arren, Danbolinzuloko aurkikuntzak ez diola Osinbeltzeko proiektuari eragingo; ez, behintzat, gaur-gaurkoz (gertu daude bata eta bestea).  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide