[caption id="attachment_122268" align="aligncenter" width="300"]

Zarautzen gaur egun duten batzar informatiboa, atxiloketak salatu aurretik (Amaia Ventas/Hitza)[/caption]
Batzar informatiboa eta manifestazioa egin dute hainbat herritarrek Zarautzen gaur 19:00etan hasita. Zarauzko ezker abertzaleak operazioaren dimentsioa nabarmendu du manifestazioaren aurretik. Abokatuak lan publikoa egiteagatik atxilotu dituztela esan du eta zentzu horretan operazioa «gehiegizkoa» izan dela. Halaber, testuingurua ere aipatu du: Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egin zenetik bi egun pasatu direnean eraman dute operazio poliziala aurrera, eta Segurako auzia hastekoa zen egun berean. Hain zuzen, auzi horretako hiru abokatu atxilotu zituzten. «Politika kriminalaren» beste adibide bat dela salatu zuten, «mendekuan oinarritutako politikaren» beste adibide bat.
Zumaian, gaur 20:00etan elkarretaratzea egingo dute.
Azkoitian Aski da! errepresioari stop! lelopean elkartuko dira herritarrak plazan asteartean, 18:30etik aurrera.
Zestoan ere asteartean egingo dute protesta, 19:00etatik aurrera, plazan.
Zarautzen batzarra eta manifestazio zaratatsua izan dira gaur 19:00etan Musika plazan,
Konponbideari erasorik ez. Ainhoa eta besteak askatu lelo hartuta. Datozen egunetan ere izango dira mobilizazioak udalerri horretan:
-
Urtarrilak 13, asteartea. 19:00etan elkarretaratzea Lege Zaharren Enparantzan.
- Urtarrilak 14, asteazkena. 19:00etan Musika plazatik hasita kazerolada.
- Ostirala, hilak 16. 20:00etan manifestazioa Lege Zaharren Enparantzatik hasita.
Atxilotuetako baten senitartekoek adierazi dute
tratua egokia izaten ari dela, gaur eramango dituztela Madrilera eta
bihar epailearen aurretik pasako dituztela.
Hodei Iruretagoiena
Berria.eus-eko kazetariak esan duenez, lekukoen arabera Ainhoa Baglietto abokatua Zarauzko malekoian atxilotu dute 07:15ak aldera. 09:15etik duela minutu gutxi arte izan dute Baglietto abokatu taldearen Hernaniko egoitzan, Guardia Zibilak bulegoa miatu bitartean. Hainbat komunikabidek jakinarazi dute 20 bat guardia zibil izan direla bertan, lau patrol eta baita Ertzaintza ere. Bulego inguruko kalea itxita dute, eta hainbat lagun gerturatu da bertara, atxilotuei babesa ematera. Bulegotik materiala atera dute. Oraintxu atera dute Hernaniko egoitzatik zarauztarra.
[caption id="attachment_122269" align="alignleft" width="300"]

Batzararren ondoren manifestazioa egin dute Zarauzko kaleetan (Amaia Ventas/Hitza)[/caption]
Zehazki ETAko kide izatea leporatu die Bagliettori eta beste 15 laguni. Espetxeetako frontea osatzea eta presoak adoktrinatzea egotzita atxilotu dituzte,
Mate deituriko operazioan. Iaz abiatutako
Xake prozesuaren jarraipena dela adierazi du Espainiako Barne Ministerioak. Hainbat abokatu atxilotu zituzten orduan, eta oraingoan ere abokatuak dira gehienak: Amaia Izko, Kepa Manzisidor, Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Haizea Ziluaga, Arantxa Aparicio, Alfonso Zenon, Atxarte Salvador, Jaione Karrera, Kepa Manzisidor eta Ane Ituño. Horiez gain, Herrira mugimenduko lau kide ere atxilotu ditu Guardia Zibilak: Jon Mintegiaga
Minde, Nagore San Martin, Javier Carbadillo eta Fran Balda
. Komunikatuta daudela jakinarazi dute.
Iñigo Goioaga ere auzipetu dute, baina ez dute atxilotu, senataria izanda aforatua delako.
Antton Gomezen aurkako epaiketa, etenda
Euskal Herriko hainbat herritan zein Madrilen atxilotu dituzte. Hain zuzen, Madrilen ziren Izko, Jauregi eta Ziluaga. Izan ere, gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean hastekoa zen epaiketako ezker abertzaleko 35 epaituen abokatuak dira hiruak. Gaurko saioa bertan behera utzi dute, eta epaiketa eten dute, atxilotutako abokatuen egoera argitu arte. Auzipetuek euren abokatuei eustea erabaki dute. Izan ere, auzipetutako 35 lagunetik 19 abokatu gabe geratu dira gaurko operazioa dela-eta. Auzipetuak gaur itzuliko dira Euskal Herrira. Ez dakite noiz eramango dituzten epailearen aurrera, Jone Goirizelaia abokatuak nabarmendu duenez. Antton Gomez Zestoako bizilaguna da auzipetuetariko bat.
[caption id="attachment_122082" align="alignleft" width="196"]

Ainhoa Baglietto (Hitza).[/caption]
Dirua zuritzea eta Ogasun publikoaren kontrako delituak ere egotzi dizkiete atxiloituei. 2012. eta 2013. urteen artean ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea, hain zuzen. Barne Ministerioak ohar bidez azaldu dute Herrira-k EPPK-ko presoen abokatuei ordaindutako dirua dela hori, eta lau lagun atxilotu ditu horren harira. "Abokatuen kolektiboa ekonomikoki sostengatzen zuen finantza egitura desegitea eragin du operazioak", adirazi du ohar bidez.
Hernaniko bulegoaz gain, Iruñeako eta Bilbokoak ere ari dira arakatzen, eta baita Bilboko LABeko egoitza eta
beste hainbat herriko ere. Larunbatean presoen aldeko manifestazioan bildutako dirua eraman dute bertatik, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak jakinarazi duenez.
Jaurlaritzaren erreakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eman du polizia operazio honen inguruan Jaurlaritzak duen iritzia. Esan du Jaurlaritzari "deigarria" egiten zaiola "atxiloketen testuingurua" (larunbatean euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio jendetsua egin baitzen Bilbon), baita orain urtebete hasitako operazioa orain jarraitzea ere. Horregatik, Justiziari "argitasuna eta azkartasuna" eskatu dio.
Erkorekak gaineratu du Jaurlaritzak berresten duela "bake eta normalizazio politikoaren alde" bere konpromisoa.