Zarauzko Udalak graffiti lehiaketa antolatu du Lizardiko patioko partea margotzeko

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 12a

GRAFFITIA Zarauzko Udaleko Hezkuntza sailak dagoeneko kaleratu ditu  II. Graffiti Lehiaketako oinarriak. 14 urtetik gorako gazte zarauztarrek hartu ahalko dute parte bertan, eta lanak bakarka zein taldeka aurkezteko aukera izango da. Teknika zein gaia libreak izango dira, baina ikuslearen sentsibilitatean eragin dezaketen lanak baztertu egingo ditu epaimahaiak. Halaber, lan horietan ezingo dute agertu, ez zuzenean ez zeharka, pertsona zehatzak irain ditzaketen erreferentziak. Lizardi institutuko patioko horma estaliko duen irudiaren bozetoa aurkeztu beharko da. 80 metroko zabalera eta 2,5 metroko altuera ditu horrek. Proposamenek pareta osoa  zein zatika estaltzeko izan beharko dute. Zatikako proposamenak badira, 26,6 metro zabal eta 2,3 metroko altueraa duten hiru ataletara mugatu beharko dira. Lehentasuna, ordea, horma osoa pintatzeko ereduek izango dute. Pareta guztia margotzeko lanik ez balego edota aurkeztutakoek kalitaterik ez balute, zatikakoak aztertuko ditu epaimahaiak. Hezkuntza zinegotziak eta teknikariak, Lizardi ikastetxeko irakasle eta ikasle banak, arte munduko aditu batek eta kultur batzordekideek osatuko dute epaimahaia. Urtarrilaren 19ra bitartean aurkeztu ahalko dira lanak Etxezabalako sarreran. Kartazal itxi batean aurkeztu beharko dira lanak, ezizen eta lanaren izenburuarekin. Barruan zehaztu beharko dira lehiakidearen datuak: ENA zenbakia, izen-abizenak, telefonoa eta helbidea. Otsailaren 9tik 27ra, pintaketa Sari banaketa Zarauzko udaletxean izango da, otsailaren 6an. 2.000 euro jaso dituzte sarietarako, eta hori lan bakarragatik eman ahalko da zein hiru zatitan banatu. Pareta osoko proposamenik aukeratuko ez balitz, gehienez hiru zatikako lanak aukeratuko dira: lehenbiziko saria 1.000 eurokoa izango da eta bigarrengoa eta  hirugarrengoa 500 eurokoak. Zarauzko dendatan xahutzeko saria izango. Otsailaren 9tik 27ra pintatu beharko dute irabazleek Lizardiko horma. Materiala udalak jarriko du, atal bakoitzeko 400 euro zehazki. Hiru atal izango dira, orotara.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide