Urtarrilaren 25era aurkeztu ahalko dira martxoaren 8ko Zarauzko kartel lehiaketarako lanak

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 9a

[caption id="attachment_121859" align="aligncenter" width="212"]Kartela Hodei Esteban zarauztarraren lanak irabazi zuen iaz lehiaketa[/caption] Urtero bezala, Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak  kartel lehiaketa antolatu du martxoaren 8ra, Emakumeen Nazioarteko Egunera begira, eta dagoeneko aurkez daitezke lanak. Euskal Herrian bizi den 16 urtetik gorako edonork har dezake parte, banaka zein taldeka, salbuespenen batzukin: epaimahaikideek eta Zarauzko Udaleko langileek ezingo dute aurkeztu. Egile bakoitzak gehienez lan bat aurkeztu ahalko du, eta horrek originala eta argitaratugabea izan beharko du. Gaia emakumeen jabetzea izango da eta kartelak 2015eko Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna testua gehituta izan beharko du ondo ikusteko moduan. Egileak nahi izanez gero, leloren bat jarri ahalko  zaio. Kontuan izango da lanaren erreproduzioak zailtasunik ez ematea eta lau tinta baino gehiago (kuatrikomia) behar ez izatea. Hori dela eta, ez dira onartuko zilar zein urre kolorea duten lanak, ezta fluoreszenteak ere. Jpeg formatua izan beharko dute, 72 ppp-ko bereizmena eta neurri zehatz batzuk. Hain zuzen, 3.508 pixel zabal izan beharko dute eta 4.961 pixeleko altuera. Lanek derrigor ordenagailuz egin beharko dira. Gezurrezko izen bat jarri beharko zaio kartelari identifikatu ahal izateko; egilea ez da identifikatu beharko. Artxibo horrekin batera, izen bera duen karpeta batean egilearen datuak—izen-abizenak, jaiotze data, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa eta nortasun agiria bi aldetatik eskaneatuta—aurkeztu beharko dira. Epaimahaiaren inpartzialtasuna bermatzeko, karpeta hori ez da irekiko irabazlea aukeratu arte. Urtarrilaren 25a arteko epea Urtarrilaren 25a izango da lanak aurkezteko azken eguna.Posta elektronikoz bidali beharko dira berdintasuna@zarautz.org helbidera. Bi sari emango dituzte. Epaimahaiak aukeratuko lanaren jabeak 400 euro eskuratuko ditu, eta jendearen bozka gehien jaso duenak, berriz, 200 euro. Aurkeztuko diren lanen artean 15 aukeratuko ditu epaimahaiak, eta gerora horien artean, irabazlea. Herritarrek 15 lan horien artean aukeratuko dute, halaber, euren gustukoena. Facebookeko profilaren bitartez bozkatu ahalko dute, martxoaren 8ko kartel lehiaketa atalaren barruan gustokoen kartelari Atsegin dut emanez. Otsailaren 7an jakinarazi dute erabakia Parekidetasun sailaren blogean eta Facebook bidez. Eta hilaren 16tik 22ra izango da sari banaketa. Bestalde, udalak erakusketa antolatuko du lehiaketara aurkeztutako lan batzukin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide