Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren amaieran hitzarmen bat onartu zuen Zumaiako Udalak Bilduren eta Aralarren aldeko botoekin eta datozen hilabeteetan bilketa sisteman emango diren aldaketak eta horiek ezartzeko urratsak zehaztu zituzten bertan. Zumaiako Udalak «hartutako konpromisoekin irmo» jarraitzen duela berretsi zuen eta errefusaren eta organikoaren bilketa sistema aldatzeko pausoak ematen ari dela azaldu.
Bilketa sistema hobetuarekin, etxeko hondakinak jasotzeko 70 puntu jarriko dituzte Zumaian eta errefusa eta organikoa bilduko dituzte bertan; txipa izango dute edukiontziek eta egunero bota ahal izango dute zumaiarrek hondakina edukiontzi horietara. Horretaz gain, gaikako bilketa egiteko 58 puntu jarriko dituzte eta paper-kartoi edukiontziek, ontzi arinen edukiontziek eta beira edukiontziek ez dute txipik izango.
Merkatarien eta ostalarien kasuan, asteko 80 litro hondakin organiko edo paper-kartoi sortzen dutenei atez ate bilduko zaizkie hondakinak; gainontzekoek, etxeko hondakinak jasotzen diren puntuetara bota beharko dute zaborra.
Zumairako diseinatutako sistema integral eta kontrolatuaren bidez %80 gaika biltzera iristea da asmoa. Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Gurutzetak azaldu duenez, bilketa sisteman emango dituzten aldaketekin «errefusa kopurua asko jaistea eta zumaiarrak kontzientziatzea» lortuko dute. Zumaian egingo dituzte lehenbizi aldaketak, baina asmoa «eskualde osoan hondakinen bilketa sistema bera ezartzea da, eraginkorragoa» izan dadin.
Lehen urratsa Zumaian
Zumaiako bilketa sistema hobetua ezartzeko, ordea, hainbat aldaketa egin beharko dituzte. Egun, Urola Kostako Udal Elkartearen ardura da gaikako bilketa egitea, eta errefusa biltzeko ardura udalena da. Udal Elkarteak bilketa integrala egingo balu, baliabiadeak optimizatzeko eta kostuak jaisteko aukera izango litzateke, eta epe motzean hori lortzeko urratsak ematen ari da Udal Elkartea. Bilketa bateratua egin ahal izateko, ordea, Udal Elkarteak estatutuak aldatu beharko ditu.
Udal Elkarteak martxoaren lehen asterako estatutuen aldaketa egiten ez badu Zumaiako Udalak hondakinen bilketarako kudeaketa zerbitzua esleitzeko kontratazio izapideak abiaraziko ditu. Uztailaren 31rako mankomunitateak zabor bilketa integrala kudeatzeko tramite gutziak burututa ez baditu, berriz, Zumaiako Udalak kontratua esleituko du exekuzioarekin lehenbailelehen hasteko.
Zumaiako Udalak abiatu du hondakinen bilketa sistema hobetzeko bidea, eta Guruzetaren esanetan, «aurrerago etorriko dira gainontzeko herrietan eman beharreko pausoak».
EAJ kezkatuta dago
Zumaiako EAJ «oso kezkatuta» dago udala hondakinen gaiaren inguruan izaten ari den jarrerarekin. Montse Arana bozeramaileren esanetan, «dakigun gauza bakarra da hondakin organikoa eta errefusa jasotzeko ibiliko diren bi edukiontziek txipa izango dutela eta egungoak baino edukiera txikiagoa izango dutela. Funtzionamenduari eta kostu ekonomikoei dagokienez zehaztasunik gabe jarraitzen dugu». Txosten teknikoak eta txosten ekonomiko-finantzieroak ez dituztela aurkeztu salatu du Zumaiako EAJk. «Iñaki Agirrezabalaga alkateak zalantza guztiak argitzeko obligazioa du», eta Urteta itxi ondoren Zumaiako hondakinak Lapatxeko zabortegira garraiatzeak udalaren kontuetan duen ondorio ekonomikoa azaltzeko ere eskatu diote.
Bestalde, EAJk aurreratu du mozioa aurkeztuko duela Zumaiako Udalean, Zestoan Osinbeltzeko harrobian aldundiak egin nahi duen «hondakin geldoen biltegia deitutakoaren, baina zabortegia izango denaren» aurka. Izan ere, Aranak adierazi du adituen txostenen arabera, «harrobian lurperatuko diren tratatutako hondakinek gasak, kiratsak eta lixibiatuak sortuko dituztela eta horiek Urola ibaia kutsatzeko arrisku larri dagoela, zuzenean zumaiarrei eraginez».