Pausoz pauso ari dira Urteta zabortegia zigilatzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko urtarrilaren 9a

[caption id="attachment_121769" align="aligncenter" width="300"]Urteta zabortegiaren gune batek atzo eguerdian zuen itxura (Aritz Mutiozabal) Urteta zabortegiaren gune batek atzo eguerdian zuen itxura (Aritz Mutiozabal)[/caption] "Konturatu al zarete dagoeneko ez dagoela hainbesteko kiratsik?". Bi aste inguru pasatu dira Zarauzko Urteta zabortegia itxi zutenetik, eta nabarmena da egoera aldaketa: kamioen joan-etorria, hondakinek sortzen duten kiratsa, zarata... gutxitu egin dira.  Abenduaren 23an egin zuten itxiera ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak, GHK Gipuzkoako Hondakin Kontsorzioak, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Zarauzko Udalak. Eta egun horretan sartu zen hondakinez beteta azken kamioia. Oriotik zetorren. Egun hartatik aurrera, ez da hondakin gramo bat bera ere isuri Urtetara, aldundiaren planean aurreikusi bezala. «Zarautzentzat, Urola Kostarentzat eta oro har, Gipuzkoa osoarentzat ospakizun eguna izan zen abenduaren 23a. Urte askotan lan egin izan dugu eta amestu izan dugu egun hori iristeko, eta azkenean itxi egin dugu zabortegia», esan du Amaia Gurutzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak, gustura. [caption id="attachment_121770" align="alignright" width="300"]Amaia Gurutzeta mankomunitateko lehendakaria, atzo Urtetan (Aritz Mutiozabal) Amaia Gurutzeta mankomunitateko lehendakaria, atzo Urtetan (Aritz Mutiozabal)[/caption] Hain zuzen, 43 urtez egon da irekita Urteta; «bizitza oso bat». Gurutzetak azaldu du bizilagunek kontatzen dutenaren arabera, hasieran errauste planta txiki bat zegoela zabortegiaren sarreran. Gerora, hondakinak erretzeari utzi zioten, eta horiek mendi magalera isurtzen hasi ziren. Aurrerago, eskualdeko hondakinak ere hartzen hasi ziren Urtetan. 2007an San Markoko hondakinak eramaten hasi ziren Zarautzera, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariaren arabera, errauste plantaren «mamua» gainean zenean eta zabortegiak ixtea aurreikusi zenean. Gerora, errauste plantaren proiektua bertan behera geratu zen, eta beste plan bat osatu zuten Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko. Egun martxan dena, hain zuzen. Orain, zarauztarrek eta, batez ere Urtetako bizilagunek, lasaitasuna berreskuratu dute. «Zabortegiaren inguruan hainbat baserri daude, batzuk bertan-bertan, gainean. Horiek izan dira zabortegiaren ondorioak gehien pairatu dituztenak:  arratoiak, usaina, zarata...», gogoratu du. Azken urteetan egunean 18 kamioik eta beste hainbeste kamioi txikik egiten zuten zabortegirako bidea, bide txikia. Abendañotik Urtetarako bidean, zirkulazioa bideratzeko semaforoak itzalita daude egun. Forma naturala berreskuratu Zabortegira heltzean, bertara sartu bezain pronto paisaiaren irudia bera ere bestelakoa da.  Zenbait gunetan, hondakinen ordez lur zelaiak daude. Zabortegiak lau zelda ditu, eta hilabete honetan amaituko dute horietako bi guztiz zigilatzen. Behealdeko gunea behin betiko tapatuta geratuko da, hortaz. Bertan aurrera eramandako prozesua luzea izan da: lehenbizi, azken aldiz bertara isuri ziren azken hondakinen gainean lurra bota zen, eta ondoren film berezi batekin estali zuten gunea. Laupabost urtetan egonkortzen utzi zen eremu hori, eta orain beste geruza bat jarri dute. Datozen egunetan lur begetala botako dute, hiru-lau metroko altuera hartu arte. Urte batzuren buruan belarra hasiko da, eta paisaiak bere forma naturala berreskuratuko du. Orain goialdeko bi zeldetan lan horiek berak egiten ari dira.  2020an bukatuko dituzte zigilatze lan guztiak, eta ondoren mantentze lanak geratuko dira, besteak beste, gasaren konduktuak eta  «gera daitekeen lixibiatu gutxi hori» kontrolatzea. «Organikoa usteltzerakoan gasa sortzen da, metanoa, eta hori hodi batzuen bidez zabortegiko zuzira bideratzen da, bertan erretzeko. Era berean, lixibiatuak sortzen ditu organikoak, eta horiek tratatu beharra dago. Egun Zarauzko araztegian tratatzen dira. Horrenbestez, hori guztia kontrolatu beharra dago, gorabeherarik egon ez dadin», azaldu du. «Hemendik urte batzutara zabortegia eremu berde bat izango da. Hodi eta tximinia batzuekin, baina ikusiko dugun paisaia berdea izango da», nabarmendu du. Lapatxera eta Sasietara Orain arte Zarauzko zabortegiak 94.000 tona hondakin hartzen zituen urtean, Urola Kostako bost herrietakoez gain, Txingudi eta San Markokoak ere bai. Orain Urteta itxita, Azpeitiko Lapatxera eta Beasaingo Sasietara bideratuko dituzte Gipuzkoako hondakin guztiak. Sasietara, hilaren 31ra bitartean. Izan ere, egokitzapen lan tekniko batzuk medio, sei hilabetez izango da itxita hori, eta Lapatxera eramango dituzte denbora horretan hondakinak. Gerora, berriz irekiko dute Beasaingo zabortegia, baina epe motzerako. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, Sasieta 2016 bukaeran itxiko baitute behin betiko, Zubietako TMB planta eta bizigabetutako materia biltegia behin martxan jarrita. Aurrez utziko diote Lapatxera hondakinak botatzeari, hain zuzen, 2015eko udazkenean. «Gipuzkoarrek egindako esfortzuari esker» izango da hori posible, Gurutzetaren esanetan. «Azken urteetan hondakin gutxiago sortzen da eta gehiago birziklatu. Horregatik izan da posible Urteta ixtea. Lehengo hondakin kopurua ezinezkoa zen zabortegi batean edo bitan jasotzea». Egun Gipuzkoan 160.000 tona inguru hondakin sortzen da, eta hortaz, oraindik ere indar gehiago egin behar da horretan. «Herri batzuetan lortu dituzte %70-80ko birziklapen tasak, eta Urola Kostan, berriz, %43a dago». Hori dela-eta, zenbateko horiek hobetzeko asmoa du mankomunitateak. «Egun 790 familik konpostatzen dugu hondakin organikoa geure etxeetan. Hori ez doa zabortegira ezta konpostatze plantara ere». Programa hori indartuko dute laster, eskualdeko bizilagunei konpostatzailea eskaini eta azalpenak emateko. Era berean, bilketa sistemetan aldaketak egingo dituzte, tasak hobetze aldera. Lehenbiziko pausoa Zumaian emango dute aurki. Zarauzko EH Bilduk eta Zero Zaborrek EAJren «maniobrak» salatu dituzte   Zarauzko udal gobernuak adierazi du abenduaren 23tik  «hobeto bizi» direla udalerrian. «Sekulako lorpen soziala» izan dela dio, «hondakinak zulo batera botatzeari uzten ari garelako apurka». Lorpen politikoa ere izan da, haren arabera: «Batetik, erakunde batzuen traba politikoak jasan behar izan ditugu, eta bestetik, EAJren maniobrak». Esan du EAJk ez zuela zabortegia itxi nahi. «Hauteskunde programan zabortegia itxiko zuela iragarri arren, bizkarretik banketxe batekin zabortegia handitzeko kredituak negoziatzen ari zen, Beasainen, adibidez». Zabortegia ixtea berri pozgarria bada ere, Eusko Jaurlaritzak  hartutako erabakiak ospakizuna «mikaztu» du Zero Zaborren iritziz. Jaurlaritzak ez du luzatu Zubietan eraikiko den TMB plantaren ingurumen baimena, eta «horrek atzeratu egin du bi zabortegi kutsagarriren itxiera». «Zarauztarrentzat nahi ez duguna, beste inorentzat ez dugu nahi», esan du taldeak. «Ez dugu nahi Urteta ixteak beste inon zabortegi kutsagarri bat ireki beharra ekartzerik; ezta beste inon errauste planta eraiki eta hauen hauts toxikoentzat zabortegiak ireki beharra ekartzerik ere».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide