Martxoaren 22an igaroko da Korrika Urola Kostako udalerrietatik

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 9a

AEK-ren aldeko Korrika hasteko bi hilabete eskas falta dira oraintxe. Martxoaren 19an hasiko da Urepelen (Nafarroa Beherea), eta hilaren 29an amaituko da Bilbon. Hamar egun iraungo ditu euskararen aldeko festak, eta laugarren egunean igaroko da Urola Kostatik, martxoaren 22an, igandean. Horregatik, lanean ari dira eskualdeko koordinatzaileak eta herritarrak. Herriz herri indartzen ari den mugimendua da Korrika, eta horren erakusle dira euskalgintzak antolatutako batzordeak eta ekitaldiak. Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, Gabonak hasi aurretik lanean ziren jada; eta Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan datorren astean egingo dituzte lehen bilerak. Horrez gain, Korrikako arropak saltzen ere jardun dute herritarrek azken asteetan. Azpeitian, Azkoitian, Zarautzen eta Zestoan jarri dituzte horretarako mahaiak, eta Urola Kostako herrietako AEK-ren euskaltegietan eskuragarri daude orain. Olalla Epelde Urola Erdiko koordintzailea da, eta hark azaldu duenez, Korrika Kulturalerako ere zenbait ideia lantzen ari dira; besteak beste, mus txapelketak, bertso afariak eta euskararekin eta teknologiarekin lotutako hitzaldiren bat. «Mus txapelketa herriz herri egin nahi dugu, ondoren, otsailaren 28an, Gipuzkoako txapelketa nagusia jokatuko baita Hernanin, tokian tokiko irabazleekin». Epelderen arabera, ekitaldi «bereziak» ere pentsatzen ari dira. Adibidez, Azkoitian Lip dub-a egin nahi dute aurtengo abestiarekin: «Oso ideia ona da, baina beharrezkoa dugu herritarren parte hartzea, ongi irten dadin». Zarautzen eta Orion, berriz, kontzertuak eta antzezlanak antolatu nahi dituzte herritarrak girotzeko. Joan den urteetan bezala, Korrika Gaua ere prestatuko dute euskararen festari ongietorria egiteko. Hala ere, Libe Laskurain koordinatzaileak esan duenez, oraindik ekarpenak jasotzen ari dira, «ideia berriak» biltzen, eta datorren astetik aurrera hasiko dira lanak banatzen eta datak finkatzen. Zumaiako eta Getariako mugimendua koordinatzen du Maria Olaizolak, eta haiek ere hasi dira lanean. Besteak beste, Pirritx eta Porrotxen eta Mikel Urdangarinen ekitaldietan izango dira informazioa banatzen; eta, horrez gain, Korrika Txikia eta mus txapelketa antolatzen ari dira. Hala ere, herri horietako batzordeak ere ekarpenak jasotzeko prest daudela azaldu du Olaizolak, oraindik bilera bakarra egin baitute herri bakoitzean. Kilometroak salgai Ekitaldiak antolatzeaz gain, ordea, Korrikak behar-beharrezkoa du laguntza ekonomikoa ere. Izan ere, ekitaldian biltzen den dirua AEK indartzeko erabiltzen da, hots,  euskararen garapenerako. Ekonomikoki laguntza eskaini nahi duten herritarrek, erakundeek eta enpresek bi bide dituzte. Batetik, ibilbideko kilometroak eros ditzakete; eta, bestetik, Korrika lagun egin daitezke. Urola Kostako ibilbideko kilometroak erosi nahi dituztenek harremanetan jarri behar dute beraien inguruko koordinatzaileekin. Azkoitian, Azpeitian, Errezilen edo Zestoan kilometroa erosteko, 634-406539 telefonora deitu edo olallaepelde@yahoo.es helbidera idatzi behar da; kilometroak Orion edo Zarautzen erosi nahi dituztenek 943-130175 zenbakira hots egin edo libe_l@aek.org helbidera idatz dezakete; eta, azkenik, ibilbide zatia Getarian edo Zumaian hartu nahi izanez gero, 943-130175 zenbakira deitu edo maria_o@aek.org helbidera mezua bidali beharko dute interesa dutenek. Prezioari dagokionez, kilometro bakoitzak 425 euro balio ditu gune guztietan, eta hura erosten dutenek lekukoa eramateko aukera izango dute. Informazio gehiago behar izanez gero, koordinatzaileekin harremanetan jar daitezke interesa dutenak. Korrika laguntzaile izateko, berriz, hamabi euro ordaindu behar dira. Laguntzaile egiten direnei txartel bat emango zaie Euskal Herriko zenbait dendetan deskontuak izan ditzaten, eta txartelarekin batera, Korrikako pin bat jasoko dute etxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide