Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urteak daramatza Zumaia Lantzen-ek zorrari buelta eman ezinik, eta udalak azkenean erabaki du elkarte publikoa desegin eta aktibo eta pasibo guztiak bere gain hartzea. Hiru milioi euro inguruko zorra du gaur egun, zatirik handiena Promociones Torreagarekin egindako akordioaren ondorioz. Etxebizitzak ez dira eraiki, eta sustatzaileak 3 milioi euro zor dizkio Zumaia Lantzen-i, eta udalak ez du dirua berreskuratzeko itxaropen handirik, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu delako eta hartzekodunen zerrendan aurretik daudelako, besteak beste, finantza entitateak. Odietan ere oraindik sei etxebizitza dauzka Zumaia Lantzen-ek saltzeko, eta bere garaian Basusta aldean erosi zen lur eremuak ere zuloa areagotzen lagundu du, ez baitu diru sarrerarik ekarri.
Zumaia Lantzen-ek maileguak ditu finantza entitateekin, eta udalari ere dirua zor dio. Udalak uste du banketxeekin zorra berriro negoziatzeko posizio hobean dagoela ardura berak hartuta.
Abenduaren 19an egin zen iazko azken udalbatzarrean beste erabaki garrantzitsu batzuk ere hartu zituen udalak. 2015eko aurrekontuak onartu ziren Bilduren eta Aralarren aldeko botoekin, eta EAJ eta PSE-EEren kontrako iritziarekin. Oposizioko bi alderdiek uko egin zioten bozkatzeari, aurrekontuak «legez kanpokoak» joz. Bere aldetik, udal gobernuak arrazoitu zuen azken urteotan abian jarritako politikei eta irizpideei jarraituta osatu dituela 2015eko aurrekontuak. Horrela, aurten udalak 13.012.797 euroko aurrekontua izango du, 15.789.118 eurokoa aurrekontu bateratua aintzat hartuz gero (San Juan Egoitza, Musika Patronatua, Kirol Patronatua eta Zumaia Lantzen barne).
Sarreren kapituluan, datorren urterako aldunditik datorren ekarpena nabarmen igotzea aurreikusi da, %12 inguru. «Bestetik, eskatuta dauden hainbat laguntza ere aurreikusten dira 2015erako. Hala, frontoi luzerako aldundiak emandako laguntzatik 200.000 euro jasoko dira, Juan Belmonteko magala egonkortzeko obretarako ere laguntza iristea espero da, eta kopuruz txikiagoak diren beste zenbait laguntza ere jasoko dira», azaldu zuen Ogasuneko zinegotzi Arritxu Gonzalezek. Aurrekontuak parekatzeko ez da aurreikusten mailegurik eskatu beharko denik, 2014an gastatu ez den diruarekin nahikoa izango delakoan.
Gastuai dagokionez, %10eko igoera izango da. Horretarako bi arrazoi nagusi eman diru udal gobernuak: alde batetik, Aita Marin egingo den ur saneamenduaren obrak eragindako gastuak (79.000 euro), eta bestetik, etxez etxeko zerbitzua kudeatzeko modua egokitzeak ekarriko duen gastuen igoera (303.000 euro). Inbertsioei dagokioenez, 2.165.223 euro izango dira. Iaz baino %30 gehiago.
EAJ eta PSE-EE, aurka
EAJk eta PSE-EEk ez zuten aurrekontuen eztabaidan parte hartu nahi izan, «legez kanpokotzat» jotzen dituztelako. Plenoaren hasieran ohartarazi zutenez, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu orokorraren proiektuan Zumaiako idazkariaren eta kontu-hartzailearen txosten bana jasotzen dira. «Txosten horietan jartzen du kontuek ez dituztela betetzen dagozkien eskakizun legalak», azaldu zuen EAJk plenoan. Aurrekontu proposamenean egin beharreko lege zuzenketak egiteko eskatu zuten.
«Sekulako astakeria da, eta iruzur egiten zaio Zumaiako herriari», esan zuen EAJko zinegotzi Edurne Egañak. «Ez dugu ulertzen nola aurkeztu duten legez kanpoko aurrekontu proiektua, ez bada alderdi interesengatik. EH Bilduren kudeaketaren ezaugarri den inposaketaren beste adibide bat da, eta beste behin, gutxietsi egin dute udal teknikarien iritzia».
Espainiako Gobernuak erakunde publikoei ezarritako lege baten urratzea dago EAJren eta PSE-EEren kritikaren oinarrian. Izan ere, PPko Gobernuak legez ezarria du langile kostuak ezin direla handitu, baina udal gobernuak 2015erako aurkeztutako aurrekontuetan kapitulu hori %3,8 igoko da. Soldatak berdin mantenduko dira, baina Espainiako Gobernuak ezarritako muga betetzeko udalak brigadako langile batzuk kaleratu beharko lituzke –orain arte haiek kontratatzeko zeuden diru laguntza batzuk bukatu egin dira– eta ezingo lituzke uda partean turismo arlorako egin nahi dituen kontratazioak egin. «Guk brigadako lanpostuak mantendu nahi ditugu, eta turismokoa ere udan beharrezkoa dela uste dugu», azaldu zuen Iñaki Agirrezabalaga alkateak. «Horregatik, jakin arren muga hori gainditzen dugula, erabaki dugu aurrera egitea, izan ditzakeen arriskuekin. Horren aurrean, kontu-hartzaileak eta idazkariak txosten bana idatzi dute horretaz ohartaraziz eta, norbaitek salatuz gero, epaileak aurrekontuak legez kanpokotzat jo ditzakeela jakinaraziz».