Hurrengo astean ezagutuko dira TS erosteko aurkeztu diren proiektuak

Ane Olaizola 2015eko urtarrilaren 9a

Itxaropenerako argi-izpi bat zabaldu da Zestoako TS Fundiciones enpresaren etorkizunarentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, hiru enpresa aurkeztu dira TS Fundiciones enpresaren Zestoako herriguneko edo Arroako lantegia erosteko lehiaketara, eta datorren astean jakinaraziko dituzte proiektu zehatzak. Orduan, lehenengo faseko prozesua errepikatu egingo da: administratzaile konkurtsalak aztertu egingo ditu eskaintzak, eta merkataritza arloko epaileak erabakiko du enpresa nori saldu. Astelehenean amaitu zen TS erosteko eskaintzak aurkezteko bigarren faseko epea, eta agenda kontuagatik astebete atzeratu dute aurkeztutako enpresen proiektuak zabaltzeko eguna. Oraingoz, ez dute jakinarazi zein enpresa aurkeztu diren lehiaketara, eta gutun-azalak zabaltzen dituztenean ezagutuko dira bakoitzaren proiektu zehatzak. Dena den, Asier Lizaso LABeko ordezkariak aurreratu du aurkeztu diren proiektu bakoitzak bere industria plan propioa duela, eta langileen arabera, hori da gakoa euren etorkizuna bermatzeko. Honen ustez, langileek azken urteetan egindako «borrokaren ondorioa» da orain hiru enpresa aurkeztu izana. Haien ustez, lanpostuak mantentzea da garrantzitsuena, eta  prozesuan laguntzeko prest daude. Hain zuzen, dirua baino lanpostuak lehenetsi ditzatela aldarrikatu dute beste behin. «Ez digu axola nork hartzen duen lantegia, industria plan on bat edukitzea eta lehengo langileak kontuan hartzea da guretzat garrantzitsua». Sinadura bilketa eskualdean Aurkeztutako hiru enpresek «baldintza guztiak» betetzen dituztela eta «eskaintza serioak» direla eta, itxaropenez dira TS Fundiciones-eko langile ohiak. «Hasiera batean, berri itxaropentsuak dira, eta jendeak oso pozik hartu du albistea». Honen arabera, epaileak berriro eskaintzak ez onartzea «oso arraroa» litzateke. Jon Peli Uriguen Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatuak ere positibotzak jo du albistea, eta adierazi du hiru eskaintza egoteak bermatzen duela enpresa «erakargarria» dela. Honen arabera, «lehentasuna» emango diote «jarduera bera eta ahalik eta langile gehien mantentzeari». Bigarren fasera aurkeztu diren enpresek Zestoako edo Arroako lantegia erosteko edo aurreko eskaintza hobetzeko aukera izan dute, lehenengo fasean ez bezala: izan ere, orduan bi lantegiak erosteko proiektua aurkeztu behar izan zuten. Bigarren fasea erabakigarria izango da enpresaren etorkizunarentzako, epaileak berriro eskaintzak alboratuz gero lantegia «txatarrra moduan» saldu ahal izango delako. Azaroan, epaileak hutsik utzi zuen lehenengo fasea: Gonvarri Renewable Industries eta Zpa Pecky enpresa aurkeztu ziren TS erosteko, baina epaileak atzera bota zituen bi proiektuak, baldintzak betetzen ez zituztelakoan. Honen aurrean, langileek helegitea jarrita daukate, erabakia «arduragabekeria» delakoan. Langile ohiek hainbat mobilizazio ere egin dituzte. Zestoako Soro Peri egunean, kasu, manifestazioa egin zuten, eta sinadura bilketa hasita dute eskualdean, lanpostuak lehenestea eskatzeko. Lizasoren arabera, 2.300 sinadura jaso dituzte oraingoz, eta 5.000ra iristeko asmoa dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide