Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
San Juan Egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kabia fundazioaren esku gelditzeko hitzarmena onartu zuen Zumaiako Udalak abenduko plenoan. Kabia fundazioa sortu dute aldundiak Gipuzkoako 16 egoitza publiko bere barruan hartzeko. Lehen fasea hasiko dute bost egoitzaren eskumenak aldatuta, eta horietako bat da San Juan Egoitza.
2008ko abenduaren 5eko legearen arabera, bi maila ezartzen dira adineko pertsonei ematen zaizkien zerbitzuetan. Lehen mailakoak udal eskumenekoak dira, eta telelaguntza bezalako zerbitzuak daude maila horretan. Bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuak, berriz, Foru Aldundiaren esku gelditzen dira, eta besteak beste, adinduentzako egoitzak daude. Lege hori onartu zenean, urtebeteko epea ezarri zen eskumenen egokitze prozesurako, baina urtebete ez, sei pasatu dira, eta orain emango zaio irtenbidea.
San Juan Egoitza Kabia fundazioaren esku gelditzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalak eta San Juan Egoitzak hitzarmena sinatuko dute. San Juan Egoitzak eta udalak hitzarmena onartu dute, eta orain, Gipuzkoako Batzar Nagusien oniritzia besterik ez da falta hitzarmena sinatzeko. Hitzarmena sinatu eta esku aldatzea erabatekoa izateko denbora epea ere zehaztu dute.
Udalak egoitzaren eraikina lagapenean emango dio aldundiari, ez jabetzan. Lagapena doakoa izango da, eta gaur egun duen helburuetara bideratu beharko da egoitza. Hori aldatu nahi edo behar badu, udalaren baimena beharko du aldundiak.
Kontratuei dagokienez, gaur egun indarrean dauden kontratuak bere horretan pasatuko zaizkio Kabiari. Kontratuetako langileak subrogatu egingo dira, baldintza berdinetan.
Langile propioak apirilaren 1etik aurrera aldundiaren langileak izatera pasatuko dira, orain arte zituzten eskubide berekin. Azkenik, Zumaiako Udalak ordainketak gehienez ere ekainaren 30era arte egingo ditu, esku aldatzea erabatekoa izan arte. Bitarte horretan, hilero fakturak zuritu eta horren berri emango dio aldundiari.