Musean jokatzeko prest Zarautzen

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2015eko urtarrilaren 9a

Beste urteetan izan duen arrakasta ikusita, aurtengoan ere Zurekin Ostalarien Elkarteak Zarauzko Ikurriña Mus Txapelketa antolatu du datozen hilabeteetarako. Urtarrilaren 13an hasiko da norgehiagoka, eta martxoaren erdialdean emango diote amaiera mus lehiari. Bikote parte-hartzaileak hurrengo tabernetan arituko dira lehian: Argin, Euskaldunan, Itxas Lurren, Barleyn, Txiki Politen, Iruñan, Itzalan, Patxikun eta Zazpin. Partidak ostegunero eta astearte batzuetan jokatuko dituzte, 20:45ean hasita. Eguneko bi jokaldi jokatu beharko dituzte parte-hartzaileek: 4 hamarreko eta 5 ustelera eta 4 errege eta 4 batekora. Bikoteak txapelketatik kanpo geratuko dira zortzi partida galtzen dituztenean. Hala azaldu dute antolatzaileek. Finala martxoaren 13an jokatuko dute, aurten Kulixka jatetxean. Giro ederra ziurtatuta izateaz gain, antolatzaileek sari ugari banatuko dituzte txapelketan parte hartzen duten bikoteen artean. Zarauzko Ikurriña Mus Txapelketako sailkapen orokorrean lehenengo 24 bikoterentzat sariak izango dira; halaber, lehenengo bikoteak 6.000 euro jasoko ditu; bigarren bikoteak, berriz, 2.000 euro jasoko ditu; hirugarrenak, 1.000 euro, eta laugarren eta bosgarrenak 500 eta 250 euro, hurrenez hurren. Finalaren egunean, mus partidak bukatutakoan egingo dute sari banaketa ekitaldia Zurekin Zarauzko Ostalari Elkarteko kideek. Ekitaldia biribiltzeko, lagunarteko mus txapelketa azkarra ere jokatuko dute. Oraindik izena eman ez duten bikoteek eta mus jaialdian parte hartzeko interesa dutenek Argi, Euskalduna, Itxas Lur, Barley, Txiki Polit, Iruñea eta Itzala, Patxiku edo Zazpi tabernetan eman dezakete izena; bihar izango da horretarako azken eguna. Bikoteko 60 euro ordaindu beharko dituzte. Izena ematen duten bikote guztien artean zozketa egingo dute antolatzaileek partida egutegia zehazteko, eta taberna bakoitzak jakinaraziko du egun bakoitzean zein partida jokatuko diren. Horretaz gain, Zurekin elkartearen Facebook orrian ere argitaratuko dute informazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide