Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Korrikako batzordeak bilduko dira datorren astean Urola Kostako udalerri gehienetan. Batzorde horien helburua da ahalik eta herritar gehien gerturatzea, haiek ekarpenak egin ditzaten eta antolaketa lanetan lagun dezaten. Bilerak irekiak direnez, edozein herritarrek har dezake parte, lehendik mugimenduko kide izan edo ez. Horregatik, AEK-ko kideek bizilagunen parte hartzea eskatu dute, «zenbat eta jende gehiago juntatu, orduan eta hobeto egingo direlako lan guztiak».
Kostaldean lanean ari dira
Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian hasiak dira batzarrak egiten. Datorren astekoa bigarrena izango da udalerri horientzat. Hala ere, lehen bilerara joan ez ziren pertsonek ere aukera izango dute bigarrengoan parte hartzeko, antolatzaileek azaldu dutenez. Honakoak dira herri horietako batzordeen bilera egun eta lekuak: Getarian, urtarrilaren 15ean, ostegunean, bilduko dira, 17:00etan Gaztetxean; Orion, egun berean dute hitzordua, hilaren 15ean, ostegunean, 19:30ean, Kultur Etxean; Zarautzen, urtarrilaren 16an, ostiralean, izango dute bilera, AEK-n; eta Zumaian ere ostiralean jarri dute eguna, 17:00etan, AEK-ko eraikinean.
Batzar horietan joan den bilerako ideiak zehaztuko dituzte, lanak banatzen hasteko, eta ekarpen berriei forma ematen saiatuko dira. Kostaldeko udalerri horietako koordinatzaileek esan dutenez, ordea, ez dago ezer itxita, eta «komeni» da jende berria ere joatea.
Gainontzean, lehen bilerak
Eskualdeko beste udalerrietan lehen batzarrak izango dira datorren astekoak. Izan ere, koordinatzailea tokiko euskalgintzarekin harremanetan egon den arren, erabaki sendorik ez dute hartu orain artean. Azkoitian, urtarrilaren 14an, asteazkenean, jarri dute hitzordua, 19:00etan Kultur Etxean; Azpeitian, urtarrilaren 13an, asteartean, dira biltzekoak, 21:00etan, Sindikatu Zaharrean; eta Zestoan, berriz, hilaren 15erako, ostegunerako, adostu dute data, 19:00etan, Kultur Etxean.
Errezilen ez dute oraindik data zehaztik finkatu, baina Olaia Epelde bailarako koordinatzaileak esan du hango herritarrekin ere harremanetan dagoela AEK, eta laster hastekoak direla han ere lanean.
Herriz herri Korrika Kulturala-ren barruan antolatu daitezkeen ekitaldiak ere pentsatuko dituzte herritarrek, eta erakunde, enpresa zein norbanakoei kilometroak saltzeko bideak proposatzeko aukera izango dute.