Azpeitiko Udal Gobernuak 'Now Euskal Herrira!' mobilizazioan parte hartzera deitu du

Nerea Uranga 2015eko urtarrilaren 8a

[caption id="attachment_121665" align="aligncenter" width="300"]Azpeitiko herritarrek Bilborako egindako deialdia (Azpeitiko Sare). Azpeitiko herritarrek Bilborako egindako deialdia (Azpeitiko Sare).[/caption] Larunbatean Now Euskal Herrira! lelo hartuta Bilbon mobilizazioa deitu du Sare mugimenduak. 17:30ean abiatuko dira martxak Casillatik eta udaletxetik. Etzi Bilbon egingo den mobilizazioak ideologia askotako pertsonak bilduko dituela uste du Sarek, eta jendetsua izango dela. Isila izango da protesta eta pankartarik gabea. Giza eskubideen alde dauden herritar guztiak deitu dituzte mobilizaziora. Azpeitiko Udal Gobernuak bat egin du eta herritarrei Bilborako deia egin die. "Herri hau eraikitzen jarraitzeko oinarri sendoak behar ditugulako. Elkarri indarra eman eta indarra hartzeko unea delako. Gure herrian eta gure herritarrengan sinesten jarraitu behar dugulako. Mendekuan oinarritutako zentzugabeko espetxe politikek onartezinak direlako. Giza-eskubide guztien defentsa egitea denon lana delako. Gurea eta herritarrona. Horretarako, Bilboko kaleak aurten ere jende uholde bihurtzea derrigorrezkoa delako", esan du Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak. Horregatik, larunbatean gu ere Bilboko kaleetan argi izpiak izango gara. Argi txikiak, baina beste milaka argirekin batera denon etorkizunari argia ematen saiatuko gara. Herrietatik autobusak antolatu dituzte Bilborako. Azpeitian Orkatz, Zuhatz, Jim Clarck eta Izaro tabernetan eman daiteke autobuserako izena. Autobusak 15:30ean irtengo du larunbatean, anbulatorio aurretik. Manifestazioa 17:30ean hasiko da bi lekutatik: udaletxetik eta La Casillatik. Sareko kide Teresa Toda kazetariak eta Joseba Azkarraga Justizia sailburu ohiak hartuko dute hitza ondoren. Bilbon etzi arratsaldean 17:30ean abiatuko diren bi martxek Zabalburun egingo dute bat. Bertan izango da ekitaldia. Goizerako ere antolatu dituzte ekitaldiak etzi Bilbon. Bestea beste, 11:00etatik 15:00etara informazio eta elkargunea egongo dira Areatzako karpan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide