Egoera «latza» bizi dute Mendebaldeko Saharan: «Azken 3-4 urtean laguntzak asko jaitsi zaizkie. Iristen zaien gehiena Euskal Herritik da, eta hori ere asko jaitsi da. Bidaltzen diren elikagaiak 10etik 2ra jaitsi dira azken urteotan. Han, berriz, lehengoak edo gehiago dira, eta jateko kopurua asko jaitsi zaie familia bakoitzari».
«Ia 40 urte dira errefuxiatuen kanpamentuetan bizi direla, eta itxaropenik ez dute galdu. Baina, gazteengan haserrea antzematen da, ikusten dutelako Sahararen alde zerbait egin dezaketen estatuek ez dutela ezer egiten; inolako aurrerapausorik ez dute ikusten. Gazteek zerbait egin behar dela ikusten dute, eta ikusten duten aukera bakarra gerra da. Orain, apirilean, Ameriketan egingo diren elkarrizketetan dute itxaropena jarrita», azaldu du Samuel Ruiz
Zumaiako Darahli elkarteko presidenteak.
[caption id="attachment_121645" align="aligncenter" width="300"]

Zumaiako Darahli elkartekoek urtero 21 eguzki plaka eramaten dituzte Tindufera, beharrean dauden familientzako. Irudian, Darahlikoak plaka jaso duen familia batekin. (Argazkia: Darahli Elkartea)[/caption]
Egoera zer nolakoa den bertatik bertara orain dela hilabete inguru ikusi zuten: abenduaren 6tik 14ra bitartean izan ziren Saharan. Darahlikoak urtero joaten dira, han bertan martxan dituzten proiektuak jarraitzeko. Aurten hiru lagun joan dira Zumaiatik Tindufera: Ruiz bera, Miren Saenz eta Idurre Peña.
Darahlik eguzki plakak eramaten ditu hemendik hara eta hemengo eta hango familiak senidetzen laguntzen du. Zug herrirako (Auserd kanpamentuan dago) jarduten du Zumaiako taldeak; Zumaiako Udala eta Zugekoa senidetuta daude. Darahli elkartea bera 2006an sortu zuten. «Orduan, Saharari laguntzeko sortu genuela argi genuen, baina nonbait kokatu behar genuen, eta Zumaiako Udalak eta Zugek eginda zuten hitzarmenari heldu genion. Zumaiako Udalak ere laguntzen digu ditugun proiektuak aurrera eramaten, eta herriak eta herritarrek ere gure proiektuak gertutik segitzen dituzte».
«Urtero 21 eguzki plaka eramaten ditugu, eta hurrengo urtean ondo funtzionatzen eta erabiltzen ari diren ikustera joaten gara. Plaka bakoitza dagokion etxean dagoen ere egiaztatzen dugu, eta matxuraren bat dutenean, hemengo enpresei jakinarazten diegu», azaldu du Ruizek.
Behar handiena duten familiei ematen dizkiete eguzki plakak. «Bertako kontseilu edo udalbatzek osatzen dute behar handiena duten familien zerrenda. Gero, urtero handik bueltan zerrenda ekartzen dugu Zumaiara», esan du Ruizek. «Kontseiluak hemengo udalen antzekoak dira, auzoetako ordezkariek eta osatzen dute, 20-25 pertsonek». 9 urte dira eguzki plakak eramaten ari direla, eta dagoeneko 189 dituzte eramanda.
[caption id="attachment_121649" align="alignright" width="300"]

Apirilean Zumaiatik joandakoek AFAPREDESA museoa bisitatuko dute.[/caption]
Argia lortzeko azpiegiturak eramateaz gainera, urtero 30 familia senidetzeko helburua du Darahlik. Zumaiako eta inguruko familiak dira senidetzen direnak, gero hauek diruz laguntzeko. Senidetzeko behar larriena dutenen zerrenda ere kontseiluak erabakitzen du, eta gero Zumaiako elkartea da hango eta hemengo familiak harremanetan jartzen dituena. Ordea, hori gero eta zailagoa egiten ari den helburua da: «Lortzen ez dugun kasuetan, ekintza desberdinak egiten ditugu urtean zehar eta horietatik ateratakoarekin konpontzen gara, eta nolabait hartuta daukagun konpromisoa bete egiten dugu».
Eguzki plaken eta familiak senidetzeko proiektuak ez dira Darahliren bakarrak: «Zumaiako eta hango ikastetxeak eta osasun etxeak senidetuta daude. Hala, bertara urtero eskola materiala eta botikak bidaltzen ditugu, besteak beste».
Bidaia solidarioa prestatzen
Hiru urtetik behin, ordea, bidaia solidarioa egiten dute Darahlikoek Saharara. 16-21 urte arteko gazteekin egiten dute bidaia. Aurten egokitzen da bidaia egitea, eta dagoeneko prestatzen hasita daude guztia. 65 lagun joango dira oraingo honetan. «Dagoeneko urtebete daramagu bidaia prestatzen. Abenduan Saharan egon ginen astean, han zehazki zer egingo dugun prestatzen jardun genuen. Horretarako, hango kontseiluarekin bilduz», dio Ruizek. Talde handia joateak antolaketa handiagoa eskatzen du; horregatik prestatzen dute aurrez zer ikusiko duten, non egongo diren eta zer egingo duten.
Elkarbizitza da Saharako egonaldiaren helburu nagusietako bat. Horrez gain, gazteek muntatuko dituzte bertara eramango dituzten 21 eguzki plakak. Zug herriko eskolaren obra batean ere hartuko dute parte: «Gazte denak lanean jarriko ditugu». Eskolako bi gela nahiko hondatuta daude, sabaia kaskar eta hormak erorita. Zumaiarrak hara joan bitartean, Saharako lau lagun arduratuko dira hormak sendotzeaz eta txukuntzeaz. Gero, zumaiarrek hormak margotu eta instalazio elektrikoa egiteko. «Bi gela hauek gero eskolan antzerkia nahiz kirola egiteko erabiliko dituzte; hau da, erabilera anitzeko gelak izango dira». Eraberritutako gela hauen inaugurazioan ere parte hartuko dutela azaldu du Ruizek: «Horretarako, hemendik bertatik antzezlan bat prestatuta eramango dugu».
Sentsibilizatzearen garrantzia
Kostu handia duen proiektua da bidaia solidarioarena, eta urtero horrek zalantza bat sortzen die Darahlikoei. «Bidaian horrelako dirutza gastatzeak kezka bat sortzen digu. Aurten, Saharako gobernadorearekin hitz egin genuen horretaz, baina hark bidaiarekin segitzeko eskatu digu, saharar herriak bizi duen egoeraren berri zabaltzeko eta jendea sentsibilizatzeko garrantzitsua delako. Horregatik, proiektu honekin aurrera segitzea erabaki dugu, eta apirilean egun batzutan haiekin batera biziko gara».
Zarauzko Saharautz taldeko ordezkariak ere izan dira abenduan Tindufen, Aaiunen hain zuzen ere. Zarauzko taldeko ordezkariek urtean bi bidaia egiten dituzte Saharara, abenduan bat eta bestea apirilean. Bidaia horiek hemen bildutako laguntzak emateko dira.
[caption id="attachment_121650" align="alignleft" width="300"]

Darahli elkartekoak, bertako familia batekin lanean (Darahli)[/caption]
Saharautzeko Txus Manterolaren esanetan, abenduan 10-15 familia laguntzeko dirua bideratu dute. Gainera, Aaiungo ospitale baten beharrak asetzen ere ahalegintzen dira Zarauzkoak: «Koltxoi berriak behar badituzte eraman egiten ditugu, edo dirua bidaltzen dugu. Behar duten hori eskura jartzen ahalegintzen gara». Aurten hango negutegi batzuen proiekturako 4.000 euro eman ditu Saharautzek: «Negutegien proiektua berez Zestoako taldearena da, baina batzutan geure proiektu propioak ez direnak ere laguntzen ditugu».
Urteroko bidaien helburua diru laguntza eramateaz gainera, han elkartasun elkarteek martxan dituzten proiektuen jarraipena egitea dela azaldu du Manterolak.
Laguntza bideak
Sahararako bideratzeko laguntza bideak gero eta urriagoak dira, baina hala ere eskualdeko elkartasun taldeek herrietan hainbat ekintza antolatzen dituzte ahal duten guztia biltzeko eta jendea sentsibilizatzeko saharar herriak bizi duen egoera gordinarekin.
Eguzki plakak erosteko dirua «ahal den moduan» lortzen dutela dio Darahlikoak. Gero enpresa desberdinetan erosi eta kableatua Zumaiako ikastetxean prestatzen dute: «Kit osoa prestatzen dugu hemen, hara eraman eta muntatzeko moduan izateko. Plaka bakoitzari dagokion familiaren izena ere jartzen diogu hemen. Han argia bakarrik dute, bestelako tresna eletrikorik ez dute».
Gabonetan hainbat ekintza egin dituzte Zumaian: esaterako, musika bandaren kontzertu solidarioa eta abenduaren 24ko kantu eskea, herriko ikastetxeetakoekin.
Hil honetatik eta apirila bitartean ere hainbat ekintza dituzte antolatuta: urtarrilaren 21etik 24ra janari bilketa egingo dute; urtarrilean eta otsailean materiala bilduko dute, besteak beste eskola materiala; otsaila eta martxoa bitartean Sahararen Astea egingo dute; eta, otsailaren 27rako Eñaut Elorrietaren kontzertua dute antolatuta. Bertan Zumaiako dantza taldeak eta abesbatzak hartuko dute parte.
Saharautzekoek ere laguntzak lortzeko bide desberdinak jorratzen dituzte, baina Manterolak dio azken urteetan asko jaitsi dela laguntza. «Gurea talde txikia da, eta ahal duguna egiten dugu dirua lortzeko ekintzak prestatzen. Orain, loteriarekin diru pixka bat bildu dugu. Azken urteetan Zarauzko Udalak Desioak Sutan Sahararentzako ekintza antolatzen du, eta han lortutako dirua guk bideratzen dugu Saharara. Egia esanda, oso ondo etorri zaigu laguntza jasotzeko bide hori ere».
Sentsibilizazio kanpainak ere egiten dituzte urtean zehar bai Zumaiako Darahlik, bai Mendebaldeko Saharari laguntzeko gainontzeko taldeek ere. Horietako bat da udan antolatu ohi duten Oporrak bakean programa. «Bi hilabeteko oporraldia pasatzera etortzen dira Saharatik haurrak. Baina, azkenaldian ume hauek hartuko dituzten familia kopurua asko gutxitu denez, azken urteetan udalekuak edo Bakelekuak egiten ari gara, aterpetxe batean. 8 eta 11 urteko haurrek hartzen dute parte. Begirale, berriz, elkartasun taldeetako gazteek jarduten dute. «Darahli gaztez osatutako talde bat da, eta txandatuz jarduten dute begirale. Udarako txandak neguan prestatzen ditugu. Esperientzia polita da, eta oso gustura aritzen dira. Sahara bertatik bertara ezagutzen dutenak eta esperientzia bizi duten gazteak engantxatu egiten dira».
[caption id="attachment_121653" align="aligncenter" width="300"]

Zarauzko udal ordezkaritza joan den abenduan Hagunian. (Argazkia: Zuzarautz)[/caption]
Zarauzko Udaleko ordezkariak Hagunian izan dira, harremanak sendotzeko
Abenduan Zarauzko Udaleko ordezkaritza Saharako errefuxiatuen kanpamentuan izan zen; hain zuzen, Ane Eizmendi eta Gari Berasaluze zinegotziak eta Julen Aranguren udal teknikaria joan ziren. Haguniako udal ordezkariekin eta alkatearekin bildu ziren bi herrien arteko harremanak jorratzeko asmoarekin. Zarauzko udal ordezkariak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko bi ministrorekin ere bildu ziren.
Aurrerantzean senidetza lau ildotan bultzatu nahi dute Zarauzkoek: ezinbesteko materiala bidaliz; ur eta argi hornidurarako materiala bidaliz; bi herrien arteko gazteen arteko lankidetza sustatzeko ekintzak bultzatuz; eta, babes politikoa eskainiz.
Taldeak
Eskualdean hainbat talde daude osatuta herriz herri Mendebaldeko Sahara laguntzeko.
- Azpeitia. Khamar Saharar Herriaren Aldeko Elkartea.
- Orio. Gueraraorio elkartea. Eskualdeko talderik berriena da, iazko udaberrian sortu baitzuten. Aljeriako Tindufeko Kanpamentuetan bizi diren Mendebaldeko Saharako herritarrek bizi duten egoera latzaz oriotarrak kontzientziatu, eta haiei oriotarren laguntza bideratzea dituzte helburu. Guerara kanpamentutik Oriora oporraldia pasatzera lau haur ekarri zituen elkarteak.
- Zarautz. Saharautz Elkartasun Taldea. Aaiunera laguntza bideratzeko hainbat ekintza egiten dituzte. Zarautz Hagunia herriarekin senidetuta dago 1996. urtetik.
- Zestoa. Wadna elkartea. Mendebaldeko Saharako Tindufeko Tichla herriarekin senidetuta dago Zestoa. Wadna elkarteak 2009an nekazaritza, abeltzaintza eta negozio eskola bat eraiki zituen Saharan, baita baratzeak ere.
- Zumaia. Darahli elkartea. 2006an sortu zuten. Tindufeko Auserd probintziako Zug herrirako egiten dute lan batik bat. Zug herria Zumaiako Udalarekin senidetuta dago.