‘Osasuna: elikadura eta emozioa’ zikloa antolatu dute Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko urtarrilaren 8a

[caption id="attachment_121626" align="aligncenter" width="290"]Esther Telleriak gidatuko du lehenbiziko hitzaldia, hilaren 19an. Esther Telleriak gidatuko du lehenbiziko hitzaldia, hilaren 19an.[/caption] Osasun fisikoa eta emozionala hobetzea elikadura egokiarekin estuki lotuta dago. Hala diote hainbat ikerketek. Horren jakitun, Zarauzko Parekidetasun Sailak eta Prebentzio Zerbitzuak osasunari, elikadurari eta emozioei buruzko ikastaroak antolatu dituzte. Horien bitartez, herritarrei teknika eta tresnak eskainiko dizkiete euren burua ezagutzeko, emozioen eta osasunaren autokudeaketarako jarrerak bultzatzeko, nor bere buruaz jabetzeko eta asebetetze pertsonalerako. Sei ikastaro izango dira guztira, urtarrilean hasi eta martxora bitartean: Ondo jan eta animoa hobetu; Homeopatia, sendatzeko beste modu bat; Gorputzak hitz egiten duenean; Begetarianismoaren onurak; Emozioak kudeatuz eta Makrobiotika, bizitza estilo bat. Esther Telleriak eskainiko du lehena, urtarrilaren 19an. Medikuntzan lizentziaduna eta Dietetika eta Janari Higienean diplomaduna da, eta dieta orekatuez ariko da eta horrek izan ditzakeen onura fisiko eta emozionalez. Gaztelaniaz emango ditu elikadura osasuntsuari buruzko jarraibideak. Homeopatiari buruzko ikastaroa ere gaztelaniaz izango da. Medikuntzan eta Ginekologian lizentziadun eta Homeopatian masterdun Maria Jesus Balbasek gidatuko du otsailaren 2an, eta bertan diziplina horren printzipioez eta lege nagusiez jardungo du: banakotasunaz, osotasunaz eta antzekotasunaz, besteak beste. Halaber, medikuntza alternatibo sistema horren eraginak eta ondorioak ezagutu ahalko dira, kasu praktikoen bidez. Duela 5.000 urte baino gehiago Ekialdeko jakinduriak erakutsi duena azalduko du Guillermo Gonzalez-Castelaok: gorputzak hitz egiten duenean zer adierazi nahi duen, hain zuzen. Farmazian lizentziadunak eta Terapia Holistikoan adituak hori erakusten duten teknikak nola erabili irakatsiko du: kinesologia, Txinako medikuntza tradizionala eta terapia kraneo-sakrala, esaterako. Otsailaren 16an izango da hori, gaztelaniaz. Emozioak kudeatzeak, osasunean onurak ekartzeaz gain, kirolean eta egunerokotasunean duen garrantziaz ohartuko dira Emozioak kudeatuz ikastaroan parte hartuko dutenak. Entrenamendu mentalean aditu Urko Arozenak bizi kalitatea hobetzeko teknikak erakutsiko dizkiete parte-hartzaileei martxoaren 16an, euskaraz. Barazki jale eta makrobiotikaz Hainbat elikadura mota ere izango dira hizpide martxoan; finean, bizitza estilo ezberdinak: barazki jale izatea eta makrobiotika, hain zuzen. Hilaren 2an barazki jale izateko oinarrizko filosofia azalduko du Maider Galarraga Nutrizio eta Dietetikan diplomadunak, eta baita horren abantailak ere. Egoitz Garro Euskal Eskola Makrobiotikoko zuzendari ohia eta Osasun Eskolaren sortzailea arduratuko da makrobiotika bizitza estilo bat dela erakusteaz, martxoaren 30ean. Horrek egunerokotasunean nola lagun dezakeen azalduko du, besteak beste. Ikastaroak Etxezabalan izango dira, 18:00etatik 20:00etara. Izena urtarrilaren 15era arte eman daiteke. Matrikula orria bete beharko da, eta gero Prebentzio Sailera (Zigordia, 33) edo prebentzioa@zarautz.org helbidera bidali. Toki mugatua dago, gehienez 40 lagunek har baitezakete parte ikastaroetan. Horregatik, Zarautzen bizi direnek izango dute lehentasuna. Behin tokia ziurtatutakoan, 15 euro ordaindu beharko dira ikastaroetan parte hartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide