Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Duela hamar urte inguru hasi zen Mari Asun Aizpuru (Azpeitia, 1959) margotzen, eta ordutik ikasitakoaren emaitzaren zati bat da Azpeitiko Sanagustin kulturgunean zabaldu duen erakusketa. Akuarela hutsez egindako hemeretzi lanekin osatu du azpeitiarrak erakusketa, eta asteartera bitartean daude ikusgai.
Kolore, sakontasun eta argi-ilunekin jolasten du Aizpuruk, eta koadro figuratiboak dira ikusgai jarri dituenak: Arabako, Lapurdiko eta Nafarroako paisaiak, detaileak, loreak... Argazki kamera soinean duela ibili ohi da Aizpuru, sarri argi egokiaren zain, begiekin ikusitakoa grabatu eta eskuekin plasmatu dezan: «Argazkiak edozein momentutan ateratzen ditut. Gustatzen zaidan zerbaiti argazkia atera, eta handik margotzen dut». Dena den, baditu beste inspirazio iturri batzuk ere: «Erakusketan dagoen sagarraren koadroa film batetik hartutako plano bat da. Pelikulan ikusi nuenean, izugarri gustatu zitzaidan. Filma geratu, eta hura margotzen hasi nintzen».
Lehenengoz etxean
Orain arteko teknikarekin, akuarelarekin, jarraituta egin ditu erakusketako margolan guztiak: «Akuarelarako paper zuri baten aurrean jartzea beti da erronka», esan du Aizpuruk. Baina erronka du gustuko: «Oso margo azkarra da akuarela, eta urarekin margotzea oso konplexua da. Oleoarekin, esaterako, urtebete egon dezakezu koadro bat margotzen, baina akuarela oso bestelakoa da: kale edo bale da. Ura bere erara ibiltzen da, menperatu egin behar duzu». Hain zuzen, zailtasun horren jakitun, margotzerakoan urduri jartzen dela aitortu du: «Batzuk diote margotzea lasaigarria zaiela; nire kasuan, ez».
Javier Sagarzazu margolariaren eskolak hartzen ditu duela hamar urte ingurutik, eta hala ikasi du margotzen. Ez da lehenengo aldia erakusketa bat zabaltzen duena; bai, ordea, bere jaioterrian egiten duena. «Etxetik kanpo erakustea errazagoa da, baina herrian jartzeak kezka gehiago eragiten du, oso zeurea den zerbait erakutsi behar baituzu».
Sanagustin kulturguneak proposatu zion erakusketa zabaltzea, eta hasierako lotsak kenduta, aukera aprobetxatu du. Oraingoz, kritika onak jaso ditu, eta horren seinale, margolan batzuk ere saldu izana: «Askotan ez dakizu animatzeagatik esaten al dizuten, baina ni behintzat gustura nago. Erakusteko modukoak direla uste dut». Izan ere, duela bost urte lehenengoz erakusketa zabaldu zuenetik teknika hobetzen joan dela irizten dio, eta aldea antzematen du orduko eta egungo koadroen artean. «Akuarela teknika hutsa da, eta teknika den unetik, praktikatu eta praktikatu egin behar da, teknika menperatzen jakin arte».