Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Umetatik murgildu zen Iñaki Oliden (Orio, 1976) idi dema giroan, eta aitonaren eta aitaren zaletasunari jarraipena eman dio. Larunbatean 22:00etan apustua jokatuko du oriotarraren idi pare gazteak Karmelo Bikandiren idi parearen aurka, Aian.
Larunbaterako prest al zaude?
Ni gustura nago, baina aurkaria nola dagoen ikusi behar da orain. Norgehiagoka honetan txapelketa ofizialetan parte hartu gabeko idiekin jokatuko dugu biok; nire idiek erakusketaren batean parte hartu dute, orain arte ondo ibili dira, baina apustuetan beste maila bat izaten da, eta ardura ere handiagoa da. Norberak bere buruari eskatzen dionaz gain, aurkariak jartzen duen mailak ere asko esan nahi du. Karmelo Bikandiren idiak ez ditut ezagutzen, baina maila ona dutela entzun dut.
Nola sortu zen apustua jokatzeko ideia?
Apustua normalean desafioren batetik sortzen da. Bikandik jakin zuen nire idiek maila txukuna dutela, eta bera bere idiekin gustura zegoenez, topo egin genuen batean desafioa bota zidan. Nahi banuen apusturen bat jokatuko liratekeela esan zidan. Nik onartu egin nuen, eta beste egun batean geratu ginen apustuaren xehetasunak adosteko.
Zein izaten dira zehaztapen horiek?
Txapelketa batean arauak jarrita egoten dira; apustuetan, berriz, adostu beharra dago norgehiagoka zein plazatan jokatuko den, itzainak zeintzuk izango diren eta zer harrirekin jokatuko den. Plaza aukeratzen aritu ginenean, Azkoitian jokatzea ere aipatu genuen, baina nik nahiago nuen Aiako probalekua, niretzat Aia etxeko plaza baita; berak onartu egin zuen. Aian harri bat baino gehiago daude, eta guk larunbateko apustuan harri handiarekin jokatuko dugu, 1.790 kiloko harriarekin, hain zuzen ere. Normalean txapelketetan hasiberriak diren idiek kintopeko harriarekin jokatzen dute, 1.500 kiloko Urgain harriarekin, baina handiagoarekin jokatzea adostu dugu.
Txapelketekin alderatuta, apustuetan giro desberdina izaten al da?
Parte-hartzaileok beste urduritasun bat izaten dugu, eta ikusleen artean ere giro berezia sortzen da. Herritarrak txapelketa bat ikustera joaten direnean, normalean inpartzialak izaten dira. Apustuetan, berriz, ikusleak baten edo bestearen alde jartzen dira, eta horrek saltsa sortzen du.
Azkenaldian txapelketetan emaitza oso onak lortzen ari zara. Zer balorazio egiten duzu?
Gustura nago. Hiru idi pare ditut, eta idi pare onenarekin iaz bi lehia izan ezik beste guztiak irabazi genituen. Larunbatean apustua jokatuko duen idi pareak ere maila ona duela uste dut.
Larunbateko apusturako prestaketa berezirik jarraitu al duzu?
Beste idi pareekin jarraitzen dudan prestaketa antzekoa egin dut. 2015ean lehia ofizialetan parte hartzera bideratu dut idi pare gaztearen prestaketa. Lehiatzen urte dezente daraman idi pareari normalean ez diot entrenamendu gogorrik eginarazten. Idiek badakite zer den proba jokatzea, eta zer intentsitatetan aritu behar duten. Beraz, gehiago mimatzen ditut. Gazteagoen kasuan, entrenamenduak gogorragoak izaten dira, eta gehiago eskatzen zaie. Entrenamenduez gain, elikadura ere zaindu egin behar izaten da, gazteen kasuan bi idien artean 1.100 kilo pisatu behar izaten baitute. Kanpotik ikusten ez diren xehetasun askok eragiten dute lehian. Uztarria lotzeak ere badu bere sekretua, idi batek besteak baino indar gehiago badu, horrek karga gehiago eraman dezan modu batera edo bestera lotu behar izaten baita. Idiek, ordea, ez dute hitz egiten, eta nik antzeman behar izaten diet zer moduz doazen.
Plazako lehiaz gain, giro ona al dago parte- hartzaileen artean?
Giro ona dugu, baina nik uste dut lehen hobea zela. Gizartea aldatu egin da, eta ezinikusiak eta inbideak ere badaude. Nire aitonaren garaian, esaterako, miresmenarekin hitz egiten zen aurkariez. Gaur egun, nik uste hori galtzen ari dela, beste kiroletan gertatzen den bezala. Pena da: gutxi gara, eta denok ezagutzen dugu elkar. Nik orain denboraldi ona izan dezaket, eta hurrengoan beste bati idi pare ona tokatuko zaio, eta horren txanda izango da.