Bost ikastaro berri antolatu ditu Zarauzko Jabetze Eskolak datozen hilabeteetarako

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 7a

Urtarrila eta apirila bitartean askotariko ikastaroak jasotzeko aukera izango da Zarauzko Jabetze Eskolan. Orotara, bost ikastaro berri antolatu dituzte askotariko gaien inguruan. Horietako bat oinarrizko lege eskubideen ingurukoa izango da. Estibalitz Urkiri Badiola abokatuak eskainiko du hiru saiotan, euskaraz. Zehazki hiru asteartetan izango da: otsailaren 3an, 10ean eta 17an. Bi ordu iraungo du saio bakoitzak, 17:00etatik 19:00etara, eta matrikulak 10 euro balio du. Natalia Vahl publizitatean lizenziadunak eta informatikan adituak, berriz, teknologia berriei buruzko oinarrizko ikastaroa emango du urtarrilaren 26tik martxoaren 16ra. Saio praktikoak izango dira, astelehenetan, 14:00etatik 16:00etara. Vahlek euskaraz emango ditu internet eta bestelako erreminta eta  gailuak zertarako ibiltzen diren irakasiko du, besteak beste. Interesa dutenek 20 euro ordaindu beharko dute bertan parte hartzeko. Mindfullness terapiari buruzko saioak ere izango dira sasoi honetan. Horren helburua parte-hartzaileak orainean kontzentratzea da, modu aktibo eta pentsakorrean. Besteak beste, zarauztarrek oreka fisiko eta emozionala lortzen, emozioak erabiltzen ikasi eta arreta garatzen ikasiko dute Pepa Bojo psikologoa, psikoterapeuta eta sexu-terapeutaren eskutik. Meditazioa, yoga eta arnasketa landuko dituzte horretarako. Gaztelaniaz izango dira saioak, goizez zein arratsaldez. Urtarrilaren 26tik apirilaren 27ra, astelehenero goizeko 11:00etatik 13:00etara izango dira, eta urtarrilaren 23tik apirilaren 24ra, ostiraletan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. 20 euroko kostua izango du ikastaro horrek. Mertxe Arratibel durangoarrak Coaching feminista ikastaroa gidatuko du. Emakumeei euren helburuak lortzeko hainbat jarraibide eskainiko dizkie Kiribil coaching-eko arduradunak gaztelaniaz, autokudeaketaren bidez eta emakume sareak eratuz. Besteak beste, motibazioa eta errealitatearen pertzepzio ezberdinak landuz eta norberarekin eta ingurukoekin komunikazioa hobetuz. Asteazkenetan izango da ikastaroa, urtarrilaren 21ean hasi eta martxoaren 25era arte. 20 euroko kostua izango du horrek. Munduko emakumeak Bosgarren ikastaroa munduko emakumeei buruz izango da. Biltzen Integraziorako eta kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal zerbitzuko bi kidek eta Garaipen emakume etorkinen eta euskaldunen kolektiboko batek  eskainiko dute, saio banatan: Jeanne Rolande Dacougna senegaldarrak, Lila Maya Amrane argeliarrak eta  Ana Murcia salvadortarrak. Lehenbizikoa Afrika beltzeko emakumeei buruz arituko da, bigarrengoa magrebtarrez eta azkenengoa, lationamerikarrez. Gaztelaniaz izango da ikastaro hori, martxoaren 3an, 10ean eta 17an, asteartetan, 18:00etatik 20:00etara. Hamar euroko prezioa du ikastaroak. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena Zarauzko Emakumeentzatko Jabetze Eskolak antolatutako ikastaro horietan. Hain zuzen urtarrilaren 16ra arteko epea izango da horretarako, egun hori barne. Hainbat bide daude izena emateko: batetik, Zarauzko Parekidetasun sailera (Zigordia kalea, 33) jo ahalko da, bertara deitu (943-005117 telefonora) zein berdintasuna@zarautz.org helbidera mezua bidali. Informazio osagarria nahi duenak Zarauzko Parekidetasun saileko bloga bisita dezake.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide