Gure Esku Dago-ren abestia joko dute San Sebastian bezperan

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 7a, 10:47

San Sebastian bezpera, plazan. Gure Esku Dago egitasmoak proposatuta, erabakitzeko eskubidearen aldeko abestia joko dute danbor taldeek San Sebastian bezperan, herriko plazan. San Sebastian martxaren ostean entzun ohi diren abestiekin batera joko dute danborjoleek hori ere, abeslariez lagunduta, urtarrilaren 19an. Horrez gain, Gure Esku Dago taldeko kideak udaleko balkoian izango dira, "aldarrikapenarekin bat egiteko". Gure Esku Dago taldeak azaldu du herritarrek "oso kontuan" izan dutela beraien proposamena. Izan ere, danbor talde gehienek onartu dute abestia jotzea, eta udal ordezkariek, berriz, aho batez baieztatu dute beraien ideia.  Taldeak esan duenez, 2015eko danborradan "presente" izango dute herritarrek erabakitzeko eskubidea: "Danborra joaz, oihalak josiz, abestuz, eguneroko bizitzan aldarrikapena txertatuz, lan eginez… bakoitzak bere eremuan, eskutik eskura, elkarrekin, guztiona dena lortzeko bidean gara". Parte-hartze eredugarria Gure Esku Dagok azpeitiarren parte-hartze "eredugarria" nabarmendu du. Haien hitzetan, hitzordu guztietan eman dute herritarrek erantzun ona: Soreasu bete zenean, ekaineko giza katean, Eskoziako erreferendumeko festa giroan eta abar. Hori dela eta, argi dute herritarrak bide onean doazela, eta "bide horri jarraituz" iris daitekeela "helmugara".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide