Asteburuan hasiko dute Gipuzkoako Taldekako Xake Liga

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko urtarrilaren 7a

Eskualdeko hainbat taldek hartuko dute parte Gipuzkoako Taldekako Xake Ligan, asteburu honetatik aurrera. Lehen jardunaldian Zarauzko Iriondo A taldea Baionako taldearen aurka ariko da, Iriondo B taldeak Errenteriako Beraun Berakoen kontra jokatuko du, Azkoitiko Anaitasuna Kakute B taldeak Andoinen aurka, eta Iriondo C taldeak Bergara-Zaleakekoen kontra. Urola Kostakoak aurkarien etxean ariko dira estreineko probetan. Guztiak ez, ordea. Getariako Ketak eta Iriondo D taldeak, berriz, etxean jardungo dute asteburuan, Eibar B taldearen eta Azpeitiko Xaputarrak-en kontra, hurrenez hurren. Guztira, hamaika asteburutan jokatuko dituzte partidak, larunbatetan. Martin eta Arana garaile Bestetik, bukatu dute Zarauzko II. Gazte Xake Txapelketa. Eneko Martinek eta Lukas Aranak irabazi dute. Azaroan hasita, sei asteburutan jardun dute jokoan 6-12 urte bitarteko 22 gaztetxok. Infatil eta benjamin mailetan lehiatu dira horiek. Lehenbiziko  mailan 14 lagun aritu dira. Horiek liga moduan jardun dute, guztiek guztien aurka partida bana jokatuz.  LH laugarren mailako Eneko Martin izan da garaile guztietan, eta ondorioz, horrek jaso du aurreko urteko txapeldun Iñaki Altzibarren lekukoa. Hori bigarren sailkatu da, eta ondoren Xabi Aginaga, biak ala biak LH hirugarren mailakoak. Infantil mailan beste sistema bat erabili dute, zortzi lagunek hartu baitute parte kategoria horretan. Zozketaz, lau partaideko bi talde osatu dituzte, eta taldeko bakoitzaren aurka bi aldiz lehiatu da jokalari bakoitza. Talde bakoitzeko lehenbiziko biek finalerdiak jokatu dituzte ondoren, eta beste laurek bosgarrenetikhasi eta zortzigarrenera arteko postuak. Lukas Aranak aurrea hartu zion iazko irabazleari, Aitor Duori, finalerdietan, eta final estuaren ondoren, Andoni Etxaberi irabaztea lortu zuen. Antolatzaileak «oso pozik» daude zarauztarrek erakutsi duten mailarekin, eta batez ere, izan duten jarrerarekin: «Kiroltasun handiz portatu dira, galdu ala irabazi». Era berean, xakea gustuko duten herritarrei dei egin diete, kirol hori probatzera. Interesa dutenek atearteetan eta ostegunetan Zarauzko Kirol Elkartearen egoitzara gertura daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide