Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Errezil eta bertako bizilagunak izango dira protagonistak igande gauean ETB1 kateak emango duen Herri txiki, infernu handi saioan. Euskal Herriko herri txikiei buruzkoa da programa, eta herritarren bizimoduaren inguruko informazioa, umorea eta bertsoak uztartzen dituzte 70 minututan. Saioaren helburua da herri txiki, infernu handi esaera zaharra gezurtatzea, eta biztanle gutxi dituzten herrien xarma erakustea. Beraz, sortzaileek ironiarekin jokatu dute, herri txikien lasaitasuna eta umore ona islatzeko.
Joan den igandean hasi zen Lordi Saralegik zuzendutako saio berria, eta Goizueta (Nafarroa) izan zen Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadizabalek bisitatu zuten lehen udalerria. Bi antzezle horiek herri txikietako pertsonak ezagutzen dituzte saioetan; eta, ondoren, herriko bizimoduari buruzko bakarrizketak egiten dituzte aretoetan edo plazetan. Haiekin batera, Sebastian Lizaso bertsolari azpeitiarrak herriko ohiturei edo berezitasunei buruzko bertsoak jartzen ditu.
Orio Produkzioak ekoizpen etxeak eginiko lana da saioa, eta Beñat Ibarbia ekoizleak esan duenez, bakarrizketen formatuarekin «zerbait berria» egin nahi zuten herri txikiak ezagutarazteko. Orioko bizilagunaren hitzetan, herriak bisitatuta eta bizilagunekin egonda lortu dute «herriaren nortasuna» ezagutzea eta haiekin «harreman zuzena eta enpatikoa» izatea.
Saioaren mamia sortzeko, ordea, beharrezkoa da herritarren presentzia, eta hogei bat errezildarrek parte hartu dute igandeko saioaren grabaketan. Bi modutara osatu dute gidoia: Errezilgo pertsonaia ezagunak identifikatuta, eta herritarrei galderak eginda. Horrela lortu dute Errezilek «berea duen izaera» saio baten bitartez islatzea.
Ibarbiak zenbait ezaugarri nabarmendu ditu herri txiki horretako biztanleei dagokienez: fisikoki herri eta hiri handietatik duen urruntasun puntua, biztanleen prestutasuna eta adeitasuna eta autoekiko duten zaletasuna, besteak beste.
Bestalde, Ibarbiak adierazi du bereziki aipatzekoa dela Errezilen zein gainontzeko herri txikietan bizilagunek eskainitako «laguntza»: «Eskertzekoa da herritarrek dena eman dutela ikustea. Saioa bi zatitan grabatuta egoten da: lehenengoan, elkarrizketak egiten dituzte Gurrutxagak eta Pagadizabalek; eta, bigarrengoan, oholtza gainean, bideoak ikusi eta bakarrizketak eta bertsoak entzuten dituzte herritarrek. Uste dut beraiei ere gustatu zaiela lana».
Hamar herri txiki guztira
Denera hamar herri ezagutzeko aukera izango da programan; herri bat saio bakoitzeko. Eta dagoeneko finkatu dute antzezleek bisitatuko dituzten herrien zerrenda.
Herriak erabakitzerakoan, Ibarbiak azaldu du tamaina izan dela irizpide garrantzitsuena, 1.000 biztanletik beherako herria izatea, alegia. Ondoren, asko erreparatu diote herri txiki horiek Euskal Herrian «izaera bereizgarria» izateari. Aipatutako ezaugarriak betetzen dituzten herriak hauek dira: Goizueta (Nafarroa), Errezil (Gipuzkoa), Ea (Bizkaia), Aramaio (Araba), Arantza (Nafarroa), Elgeta (Gipuzkoa), Berriatua (Bizkaia), Arizkun (Nafarroa), Zeanuri (Bizkaia) eta Igeldo (Gipuzkoa).
Ibarbiak aurrerapen bat egin du igandeko saioaz: «Saio guztietan modu desberdinean iristen gara herrietara, eta aste honetako sarrera ikusgarria izango da».