Instalazioekin batera, Azpeitiko igerilekuko ordutegia ere aldatu dute 2015erako

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 7a

Igerilekuko eraikina handitzeaz gain, zenbait aldaketa egin ditu Azpeitiko Kirol Patronatuak hasi berri den 2015erako. Uztailean hasitako obrak otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran amaituko badira ere, igerilekuko ordutegia eta instalazioetarako sarbidea aldatu dituzte dagoeneko. Urtarriletik aurrera, Kirol Patronatuko bazkideek saunara eta gimnasiora doan sartzeko aukera izango dute, kuota orokorra ordainduta. Izan ere, orain arte, zerbitzu horiek aprobetxatzeko beharrezkoa zen aparteko diru kopuru bat ordaintzea. Bestalde, igerilekuko ordutegia ere aldatu dute. Hori dela-eta, astelehen goizetan irekita egongo da eraikina. Hala ere, haren itxiera ordu erdi aurreratzea erabaki dute. Manuel Unanue Kirol zinegotziaren hitzetan, itxiera ordua «aztertu» dute, gaueko hamarretan igerilekuak ez duelako izaten «ia erabiltzailerik». Beraz, 22:00etan beharrean, 21:30ean itxiko dituzte eraikineko ateak. Horrek zera esan nahi du, igerilekuko erabiltzaileek 21:00etarako utzi behar diotela beraien kirol jardunari. Prezio berean Bestetik, bazkideen kuotak bere horretan mantendu dituzte 2015erako. Honakoak dira prezioak: familia bazkidetza 291,07 euro kostatzen da, 17 urtetik beherako gazteenak 119,42 euro balio ditu eta 17 urtetik gorako herritarrek 187,66 euro ordaindu behar dituzte. Kuota guztiak urtarrilaren erdi aldean kobratuko dituzte, Kirol zinegotziaren esanetan. Prezioei dagokienez, Unanuek nabarmendu du herritarrek beste deskontu batzuk ere badituztela eskura, eta haien inguruko informazio gehiago lortzeko aukera dutela Kirol Patronatuko bulegoetara joanez gero. Martxan jarri dituzten aldaketez gain, obrak amaitutakoan, eraikinaren berrantolaketa ikusteko aukera izango dute herritarrek. Izan ere, eraikinak 472 metro koadro gehiago izango ditu. Behin lanak amaituta, igerilekuko eraikina erabiliko da aisiko ekintzetarako; eta kiroldegia, berriz, federatutako kirolarientzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide