Azkoitiarren ekarpenekin abiatu du udalak Euskara Sustatzeko Plana

Ane Olaizola 2015eko urtarrilaren 7a

Azkoitiko Udalak abiatu du datozen lau urteetarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Herriko hainbat arlotan euskara sustatzeko neurri berriak zehaztu dituzte planaren bidez, eta euskararen normalizazioan lan egiten duten Azkoitiko eragileen ekarpenekin osatu dute. Izan ere, plana egiterakoan, udalak orain arte izan duen egitasmoari eutsi dio, eta parte hartze prozesuan herritarrek egindako proposamenekin hobetu nahi izan du. Herrian euskara sustatzeko hainbat neurri hartzea ezinbestekotzat du udalak, eta horiek, besteak beste, Euskara Sustatzeko Ekintza Planean jasotzen dira. Orain arte indarrean egon den plana abenduan amaitu zen, eta eguneratzeko premia ikusita, berria osatu dute. Parte hartze prozesu baten bidez egin dute Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, eta herritarrek eskatutako hamasei neurri txertatu dituzte proiektuan. Urtez urte dira egitekoak, aurrekontuen arabera. Azkoitian euskararen erabileraren inguruan egindako kale neurketaren emaitzen ondotik hasi zuten prozesua, urrian. Besteak beste, bilerak egin zituzten hainbat herritarrekin, eta haien ekarpenak jaso zituzten. Honako irizpideak zehaztu zituzten neurri berriak zehazteko: herritarren erabileran eragitea, gazte eta umeengan eragitea, helduen erabileran eragitea —kale neurketaren arabera gutxien euskaraz hitz egiten dutenak helduak dira; 35 eta 64 urte bitarteko %53,6k hitz egiten dute euskaraz— eta ahalik eta herritar gehienengana iristea. Guztira, euskara plan berrirako hogei proposamenetik gora jaso dituzte, eta antzekoak formulazio bakarrean bildu dituzte. Irizpideak kontuan hartuta, bi utzi dituzte planean txertatu gabe,  «eragin gutxi» zutelako. Prozesuaren bidez emaitza «aberasgarriak» lortu dituztela azpimarratu du Azkoitiko Udalak, «herritarren ekarpenik gabe ziurrenik kontuan hartuko ez genituzkeen neurriak planean txertatu direlako». Prozesua bera ere «interesgarritzat» jo dute, eta pozik dira izan duen erantzunarekin, euskararen normalizazioan aritzen diren herriko eragile guztiek hartu dutelako parte. «Kontuan hartu behar da herritarrekin lan egiteko modu berriak jarri ditugula martxan, eta oraindik ez gaude ohituta horretara. Aurrera begira ere modu honetara jarraitzeko asmoa dugu, eta hala egiten bada, herritarrak ohitu egingo dira». Abstentzioa nagusi Udalak abenduan onartu zuen 2015-2018 arteko plan estrategikoa. Bilduk alde bozkatu zuen, eta gainontzeko alderdiak abstenitu egin ziren. EAJk eta PSE-EEk ez zuten beren erabakiar0en arrazoirik eman. Azkoitia Bai koalizioak, berriz, honela arrazoitu zuen: «Politikariok ez dugu betetzen onartzen duguna, eta adibideak bat baino gehiago daude. Esaterako, San Jose Egoitzako zerbitzuen kontratazioan geuk onartutako baldintzak ez genituen bete». - Planean txertatutako ekarpenak - Herri komunikabidea, herritik eta herritarrek sortua, egitea udalaren babesarekin: atari digitala eta paperezko euskarria. - Euskarazko funtzionamendua bermatzea herriko kirol, kultur eta aisialdi taldeetan. - Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea. - Lan munduan euskararen erabilera sustatzea. - Euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak doan herritarrentzat. - 2018an euskararen kale neurketa egitea. - Osasun zentroan eta ertzain etxean neurriak bultzatzea euskararen erabilera areagotzeko. - Soziolinguistikoki herritarrak janztea. - Euskarazko kultur produktuen kontsumoa sustatzea. - Trebatzaile bat kontratatzea udal espedienteetan kalitatea hobetu, estandarizatu eta langileak formatzeko. - Azkoitiko lexikoa jasotzea, ezagutaraztea eta hedatzea - Udalarekin harremanak gaztelaniaz nahi dituen herritarren udal errolda egitea. - Liburutegian euskarazko liburuak erosteko irizpideak zehaztea. - Euskara harrera ikastaroak atzerritarrentzat. - Hitanoaren erabilea bultzatzeko ikastaroak eskaintzea. - Tabernetan euskal musika jartzea sustatzea. Adibidez, euskal musikaren eguna antolatuz tabernarien elkartearekin. Musika bandako kontzertuetan euskal musika eta kantuak sustatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide