Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
IRITZIA. Aitor Gorrotxategi (Azpeitiko EAJren bozeramailea)
Laster beteko dira lau urte Gipuzkoako Foru Aldundia gidatzen ari direnek, foru erakunde horretara sartu zirenean, «zementoaren kultura amaitu da» esaldi gogoangarria esan zutenetik. Eta ordeno y mando estilo zaharkitua erabiliz, Gipuzkoan aurreikusiak zeuden bide-azpiegituren lanak makaldu edo gelditu egin zituzten. Paralisi horren adibide bat, gertu-gertukoa, Azkoitia-Urretxu errepidea da. Herritarren parte-hartze prozesuaren barruan –Markel Olanok gidatzen zuen Foru Aldundiak bultzatutako lehena– aurreko legealdian aurreikusi eta hitzartutako hobekuntzak ziren.
Gobernua aldatu zen, Bildu sartu zen, eta errepidea berritzea desagertu egin zen. Baina, ordutik, ez dira gutxitu errepide hobea edukitzeko beharrak. Ondo dakite hori, ondo dakigu, arrazoi bat edo bestearengatik, batzuetan oso presaka, gure erreferentzia-ospitalean arreta jasotzeko Urretxu-Zumarragara joan behar izan dugun guztiok. Ondo baino hobeto dakite hori Azpeitiko alkateak, Eneko Etxeberriak, eta Azkoitiko alkateak, Urrategi Alberdi azpeitiarrak. Horren berri ondo zekien legealdiaren erdi aldera arte Azkoitiko alkate izan den Pello Bastarrikak ere. Baina datuak hor jarraitzen du: ez dute ezer egin obra hori egin dezala eskatzeko eta horren alde egiteko. Ez dute jakin Azkoitiko eta Azpeitiko herritarren eskakizun legitimoak beren nagusiek esandako «zementuaren kultura bukatu da» kontsignaren gainetik jartzen, edo ez dituzte jarri nahi izan. Gainera, Aldundiak, komeni zaionean, zementutan gastatzen du dirua, esate baterako, Urretxu-Deskarga-Antzuola errepideko lanetarako, adobeak eta lastoak ez baitute balio, baina bitartean, gure bi herrietako alkateek isilik jarraitzen dute. Lau urteko isilaldia eta paralisia.
Hori bai, bitartean entretenitu egiten dira, eta gu entretenitzen saiatzen dira, zaborren gaiarekin, Azkoitian, herritarren artean sortutako kabreoaren arrakastatxoarekin, gainera. Garbi dagoena zera da: egungo alkateen kudeaketa ez dagoela bailarak eskatzen duen garapen ekonomiko eta sozialaren mailan.