Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Udalak Zuk ere ahal duzu egitasmoa antolatu du bederatzigarren urtez, herriko emakumeek, taldean, korrika egitera joateko aukera izan dezaten. Adin guztietako pertsonei zuzendua dago ariketa fisikoa, eta astean bi aldiz bilduko dira parte-hartzaileak, hilabete eta erdian.
Urtarrilaren 22an hasiko dira izena ematen duten herritarrak korrika saioekin, eta astearteetan eta ostegunetan bilduko dira. Bi ordutegi jarri dituzte egitasmoan interesa duten emakumeentzat. Batetik, goizeko taldea 10:00etatik 11:15era arituko da korrikan; eta, bestetik, arratsaldekoak, 18:15etik 19:30era egingo du lasterka saioa.
Izena emateko epea zabalik da dagoeneko, eta hamar euroko prezioa du sei asteko iraupena duen egitasmoan parte hartzeak. Hiru aukera daude izena emateko: kiroldegira bertaratuta, kirolak@azpeitia.eus helbidera mezua bidalita edo 943-150095 telefono zenbakira deituta. Bestalde, informazioa emateko eta zalantzak argitzeko bi bilera egingo dituzte urtarrilaren 15ean, kiroldegian: 10:00etan, goizeko taldearentzat, eta 18:15ean, arratsaldekoarentzat.
Begirale batek gidatuko ditu korrika saioak, eta kirol horretan hasiberriak direnei laguntza eskainiko zaie lehen urratsak egiteko. Horrez gain, taldeko gidariak lagunduko die parte hartzen duten emakumeei Donostiako Liliatoiarako, martxoaren 1erako, prestatzen eta sasoian jartzen.
Lasterka egitearen onurak
Antolatzaileek nabarmendu dute korrika egiteak «onura eta abantailak» dituela, eta horregatik animatu nahi dituzte emakumeak ekintzan parte hartzera. Besteak beste, azaldu dute lasterka egitea ona dela jateko gogoa eta pisua kontrolatzeko nahiz presio arteriala jaisten laguntzeko. Horrez gain, kolesterola eta diabetea izateko arriskua gutxitzen du, eta lagungarria da tentsioa eta estresa zaintzeko ere.
Osasun fisikoarekin lotutako onurez gain, buruko osasunarekin zerikusia duten abantailak ere zerrendatu dituzte. Hala nola, esan dute korrika egitea onuragarria dela autoestimua suspertzeko eta pentsamendu baikorrak izateko. Bestalde, taldean aritzeak ere abantailak dituela jakinarazi dute «atsegina» eta «dibertigarria» delako, eta «giza baloreen» transmisiorako ona delako taldeko harremana.