[caption id="attachment_121297" align="aligncenter" width="300"]

Ezkerretik hasita Orioko Arraun Elkarteko presidente Ibon Huegun, logotipo berriaren egile Iñigo Gaztañazpi eta Katxiña Txakolindegiko ordezkari Iñaki Zendoia (Joxemari Olasagasti).[/caption]
Urte esanguratsua izango da Orioko arraunzaleentzat hasi berri den 2015 hau. OAE Orioko Arraun Elkarteak 50 urte beteko ditu, eta urrezko ezteiak ospatzeko egitarau berezia antolatu du elkarteak. Egungo zuzendaritzako kideak eta aurreko zuzendaritzetako kide izandakoak bildu dituzte eta batzordea osatu dute 50. urteurrena antolatzeko; bertan dira besteak beste, Asier Esnal, Igon Lertxundi, Iñigo Gaztañazpi eta Joxemari Olasagasti.
Abendu amaieran egin zuen Orioko Arraun Elkarteak 50. urteurrenaren aurkezpen ekitaldia Orioko Katxiña Txakolindegian, eta 2015erako berrikuntzak eta urteurren logotipoa aurkeztu zituzten bertan. Elkarteko lehendakari Ibon Huegunek azaldu zuenez, «urteroko ekimenez gain, ekintza berriak ere izango dira». Urtean zehar, Iñigo Gaztañazpi artistak egindako logotipoa erabiliko du elkarteak. Mirotza eta 50. urteurrena ditu ardatz irudiak, eta
Etengabeko ubera du leloa. Gaztañazpiren esanetan «etengabeko ubera ezabatzen ez den arrastoa baita Orioko arraunzaletasuna».
Nazioarteko estropada
Arraunketa mugikorrak zeresan berezia izango du 2015ean. Izan ere, 1965ean Orioko Arraun Elkartea sortu zutenean bultzada handia eman zioten arraunketa mugikorrari; 50. urteurrenean «orduko ahalegina gogoratu eta ilusioz» arraunketa mugikorreko nazioarteko estropada antolatuko dute apirilaren 4rako. 2009an jokatu zen azkenekoz Orion nazioarte mailako estropada. 60. hamarkada amaieran eta 70. hamarkada hasieran, berriz, nazioarteko goi mailako taldeak bildu ziren Orioko estropadan, eta garaian kirol hitzorduak zuen maila eta ospea berreskuratzeko lanean ari da elkartea. «Aspaldi hasi ginen taldeekin harremanetan jartzen, eta emaitza zoragarria izango da».
Dena dela, elkarteko ordezkariek bi talderen izenak bakarrik aurreratu dituzte. «Londoneko Molesey Boat Club arraun elkartea eta Cambridge Unibertsitatea. Zorteko gara, gainera, Cambridge-eko taldea unibertsitateko gazte taldearekin etorriko baita eta astebeteko prestaketa egiteko aprobetxatuko baitute Orion», azaldu zuen Huegunek. Gainontzeko taldeen zerrenda data hurbildu ahala jakinaraziko du arraun elkarteak.
136 urte pasa badira ere, arrauna bizi-bizirik da oraindik Orion
Orioko traineruaren lehen erreferentzia ofizial idatzia 1879koa da; urte hartan Donostiako Kontxako Estropada jokatu zuten oriotarrek, eta hirugarren postuan sailkatu ziren. 1901ean irabazi zuen Orioko traineruak lehen Kontxako Bandera Manuel Olaizola patroi zela. Udaleko batzordea edo Arrantzaleen Kofradia arduratzen ziren trainerua antolatzeaz. 1932 urte bitartean oriotarrek Orio izenarekin lehiatu zituzten estropadak, eta 1933tik 1964ra, berriz, Emen Gatoxtik Orio zen taldearen izena.
1965ean sortu zuten Orio Arraunketa Elkartea. Urte hartan arraun mugikorrean murgildu zen kluba. Gainera, hurrengo hamarkadetan tostako arraunketan iraultza eragin zuten oriotarrek nazioartean arraunketa mugikorrean erabiltzen zituzten teknikak eta berrikuntzak tostako arraunketan aplikatu baitzituzten.