[caption id="attachment_121347" align="aligncenter" width="300"]

Patxi Azkargortaren liburuxka biografikoaren aurkezpena (Uztarria).[/caption]
Patxi Azkargorta zenaren (Bergara, 1926 - Azpeitia, 2014) biografia aurkeztu zuen larunbatean Azpeitiko Uztarria Komunikazio Taldeak. 2009ko martxoan hainbat azpeitiarren soslaiak egiteko proiektua jarri zuen abian, eta Azkargortarena proiektuko 11. lana da. Sanagustin kulturgunean aurkeztu zuen Uztarriak liburuxka, eta jende ugari bildu zen bertan. Hala nola, Azkargortaren senideak, gertukoak eta lagunak.
Aintzane Larrañaga kazetari gazteak idatzi du Azpeitiko Ilunpe elkartearen eta Ikastolaren sortzaileetakoa izan zenaren biografia, eta aurkezpenean egin zituen hitz batzuk: «Ez nuen Patxi bizirik zela ezagutzeko aukerarik izan, baina liburua idatzita ezagutu izan banu bezala sentitzen naiz». Azkargortak hainbat lan egin zuen herrigintzan: Ilunpe Pilota Elkartea sortzeaz gain, hango aurreneko lehendakaria izan zen hainbat urtetan, eta Ikastolaren sortzaileetako bat ere izan zen, lehenengo Bergarako Aranzadi ikastolan, eta gero Azpeitikoan. Larrañagak, hark zuen «lanerako gogoa» azpimarratu zuen: «Garai gogorrak bizi izan zituen frankismoan-eta, baina Azpeitiko pilotan, Ikastolaren alde eta bestelakoetan hainbat lan egin zuen». Izatez bergararra, 24 urte zituenetik Azpeitian bizi izan zen: «Bergaran jaiotakoa bazen ere, beldurrik gabe esan dezaket, azpeitiar peto-petoa zela Azkargorta», esan zuen Larrañagak.
Aurkezpenean Iñaki eta Irune Azkargorta Patxiren seme-alabetako bik hartu zuten hitza. Hunkituta hitz egin zuten biek ala biek, eta esker hitzak izan zituzten bai Uztarria-rentzat, bai liburuaren egile Aintzane Larrañagarentzat. «Gure aita hemen balego...» esanez hasi zuen hitzartzea Iñakik, eta aita zenaren bi bertute aipatu zituen hunkituta: «Lanaren enamoratua zen gure aita, eta alaia ere bai. Umore handia zuen».
Hamaikagarrena
Patxi Azkargortari eskainitako liburuxka Uztarria Komunikazio Taldearen liburuxka biografikoen proiektuaren 11. lana da. Lehenengoa Julian Bereziartuarena izan zen eta bigarrena, Leo Etxeberriarena. Hirugarrena, Valentina Agirrerena eta laugarrena, Santi Lazkanorena. Uztarriak kaleratutako bosgarren liburuxka Amaia Garmendiari buruzkoa izan zen eta, Enkarna Arregiri buruzkoa, seigarrena. Zazpigarrena, Iñaki Bergara
Pio-rena izan zen, eta joan den apirilean zortzigarrena, Bernardo Aizpitarte
Kabra-rena, argitaratu zuen. Orduz geroztik, Enrike Zurutuzarena, bildumako bederatzigarren liburuxka biografikoa, eta Maria Jesus Arregirena kaleratu ditu Uztarriak.
Datorren urtean ere liburuxkekin lanean jarraitzeko asmoa du Uztarria Komunikazio Taldeak, eta hamabigarren liburuarekin emango dio bukaera proiektu honi.
Herriko kazetari gazteei idazteko aukera ematea eta hainbat azpeitiarren biografiak argitaratzea dira Uztarriak proiektu honetan uztartu nahi izan dituen helburuak. Zentzu horretan, Azkargortaren biografia egitea «esperientzia polita» izan dela adierazi du Larrañagak, Uztarriak egin dion elkarrizketan: «Aurrez sekula ez nuen pentsatu biografia bat lantzeak zer-nolako lana izan zezakeen atzean, eta aukera hori izan ostean, lan sakon bezain polita dela esango nuke, asko ikasteko aukera ematen duena eta aberasgarria, zentzu guztietan». Hemeroteketan Azkargortari buruzko informazioa lortu ondoren, senitartekoak, lankide izandakoak eta lagunak elkarrizketatu ditu, eta haiek esandakoak kontrastatuz, pixkanaka Azkargortaren bizitza josten saiatu da, «ahalik eta modu zehatzenean».
Patxi Azkargortari buruzko liburuxka herriko liburu dendetan eta Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi, 1 behea) dago salgai. Aste honetan bertan jarri dute salgai, 5 euroren trukean. Azkargortari buruzko lan hau Uztarriaren 26. produktua izan da.