Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskubaloi festa handia izango da larunbatean Zarautzen. 50 urte bete ditu Zarautz Kirol Elkarteko atal horrek, eta aurten erronka modura jarri dute eskubaloi «are hobeagoa» eskaintzea herriari. «Herri honek merezi du urteetan eskubaloiari eman dion babesagatik», azaldu du Inma Saenz de Santamaria Zarauzko Eskubaloiko batzordeko kideak.
Horregatik, ekitaldi ikusgarri bat hartuko du Zarautzek hilaren 10ean: Euskadiko eta Txileko selekzioen arteko partida. Txileko jokalariak Qatarren munduko txapelketa jokatzekoak dira hilaren 15etik aurrera, eta prestaketa gisa Euskal Herrian izango dira. Hala, gaur Trapagarango kiroldegian jokatuko dute bi selekzioek 12:00etan, eta larunbatean Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian elkartuko dira berriz ere.
Txilekoa selekzio lehiakorra den arren, euskaldunak aurre egiteko gai izango direla aurreratu du Jose Manuel Ruiz Euskal Eskubaloi Federazioko lehendakariak. Tartean izango dira Erik Balentziaga, Txomin Bujanda eta David eta Alberto Agirrezabalaga zarauztarrak. Lehenbiziko hiruak Zarauzko Amenabar taldeko jokalariak dira, eta Alberto Agirrezabalagak Nimesen (Frantzia) jokatzen du egun. «Aurkariek maila altua dute, baina partida berdindua izango da», aurreratu du azken horrek. Hori dela-eta, partida «emozioz betea» izango dela nabarmendu du.
Balentziaga eta Bujanda «gustura» daude halako aukera baten aurrean. «Zoragarria da jokatu ahal izatea», nabarmendu du Balentziagak. «Jokalari on askorekin aritzeko aukera izango dugu, eta ilusioz gaude. Gainera, herriko eskubaloiak 50 urte beteta eta etxean jokatuta, are gehiago. Opari gisa hartu dugu». Iritzi berekoa da Bujanda, eta «harro» sentitzen da: «Halako profesionalekin aritzea izugarria da».
Iker Serrano eta Asier Zubiri izango dira haien taldekideetako bi. Lehenbizikoa Frantziako Mulhouse taldean dabil egun, eta «gustura» agertu da berriz ere Zarauzko kantxan arituko delako. «Zarautzen aritu nintzela hamaika urte pasatu badira ere, ez dut inoiz harremanik galdu eta itzultzeak ilusioa ematen dit». Egun polita izango dela uste du.
Gauza bera aipatu du Zubiriak, Bidasoako atezainak. Usurbildarrak gogoratu du askotan jokatu duela Zarautzen, baina aurkari gisa. «Zarauzko afizioa ikusita, larunbatean eskubaloiaz gozatzeko aukera izango da, ziur».
Sarrerak, prezio murriztuan
19:00etan hasiko dute partida, eta sarrerak lehenago jarriko dituzte salgai, gehienez 800 lagunentzat. Egunean bertan 17:30-17:45 inguruan, kiroldegiko leihatilan erosi ahalko dira. Juanjo Esnal Zarauzko eskubaloiaren 50.urteurreneko batzordekoak adierazi duenez, prezioak herrikoiak dira: 8-14 urte arteko haurrek bi euro ordaindu beharko dituzte, 14-18 urte artekoek hiru euro eta 18 urtetik gorakoek, berriz, sei euro.
Kiroldegiko ateak 18:30ean zabalduko dituzte, partida hasi baino ordu erdi lehenago, eta zozketak ere egingo dituzte.
Clinic-a eta Kopa
Euskadiko eta Txileko selekzioen arteko partidaren aurretik, goizean clinic edo ikastaro tekniko bat eskainiko du Xesco Espar FC Barcelona taldeko jokalari eta entrenatzaile ohiak. Bertan formazio garaian gaitasun fisikoak programatzeaz eta eskubaloian teknika- eta taktika hobetzeaz ariko da, besteak beste.
Bestalde, Zarautzen ari dira joatzen Euskadiko Kopak, bai emakumezkoenak, bai gizonezkoenak. Emakumezkoek amaitu dute lana. Larunbatean, finalerdietan Bera Berak Kukullaga taldearen aurka 16-39 irabazi zuen, eta Zuazok 28-13 Aiala zarauztarraren aurka. Finalean Bera Bera gailendu zen Zuazoren kontra (43-22). Ostiralean jokatuko dute gizonezkoek finalerdia, 20:00etan. Amenabar ZKE eta Barakaldo ariko dira nor baino nor lehia horretan.