2014a, Zarauzko Eskubaloiaren historiako urterik onena

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 5a

«Zaila izango da 2014an egindakoa gainditzea». 2014. urtea amaitu berri denean, Zarautz Kirol Elkarteko Eskubaloi atalak balantzea egin du. Haren arabera, Zarauzko eskubaloiaren historiako «urterik onena» izan da.  Lortutako emaitzak, maila, partaidetza, babesa... aipatu dituzte. Hain zuzen, eskubaloian parte hartu duten neska-mutil kopurua  «inoiz baino handiagoa» izan da pasa den urtean. Gogoratu dute 2013-2014 denboraldian 28 talde zeudela, eta 445 jokalari. Hurrengo denboraldian, 2014-2015 denboraldian, berriz, 31 eskubaloi talde osatu dituzte 502 jokalarik. «Ez dago Euskal Herrian, ezta Iberiar penintsula osoan ere, norgehiagoka ofizialetan jokatu duten bezainbeste jokalari dituen  kirol talderik. Ezta hurbiltzen zaionik ere. Eta dirudienez ez du oraindik ere goia jo". Taldeak bai, eskubaloian jarduteko grina duten neska-mutil zarauztar ugari ere bai, entrenatzaile izateko ikastaroetan gogor jardun behar izaten duten gazte eta heldu asko ere badutela nabarmendu dute, baina non jokatu eta non entrenatu  ez dutela, ordea. Instalazioen egoera da Zarauzko Eskubaloiaren "orban beltz bakarra". Eta hori "tamalgarria" dela aitortu dute. Urtea joan eta urtea etorri, egoera okerrera doala salatu dute; izan ere, leku eta ordutegi berean askoz ere gazte gehiagok jardun behar izaten dute eskubaloian. Era berean, entrenatzeko lekuen baldintzak "gero eta okerragoak" direla gaineratu dute: "Aldagelen egoera geroz eta kaxkarragoa da, jolas eremuena berdin... Jende guztia dagoeneko jabe da egoera jasanezina dela. Ea 50 urte betetzen bukatu baino lehen kiroldegia handitzeko lehen harria jarri daiteken". Kirol emaitzak ere "historikoak" Orban beltz hori alde batera utzita, Zarauzko Eskubaloiaren kirol emaitzak "historikoak" izan dira 2014an. 2013-2014a mutilen denboraldia izan zen, Eskubaloi atalak nabarmendu duenez: "Inork ez zuen ezer ematen zarauztar koadrila horregatik; inork ez zuen espero justu-justu mailari eustea besterik lortu zezaketenik. Eta horra hor non goreneko mailara, Asobal Ligara igotzeko eskukada bakar batera egon ziren. Orain, gauzak bere lekutik doazela dirudi, mailari eusteko borrokan jardungo dutela, eta azkenean lortuko dutela". Emakumezkoak ere ez dira atzean geratu. "Duten erronka jendeak ezagut dezan dihardute, hain zuzen, 2014-2015 denboraldia eurena dela ozen aldarrikatzen, mutilek egin dutena berek ere egin nahi dutela adieraziz". Gazte mailatan ere ildo beretik dabiltza. Mutilen taldea joan den denboraldian Euskadiko kirol elkarte onena izan zen, eta oraingo honetan ere "bide berean" daudela jakinarazi dute, "bigarrenarekiko alde handia ateraz", gainera. Neskak oraingoz lehenak dira, eta "irabazteko aukerarekin doaz aurrera". Halaber, Espainiako txapelketan jubenil neskak bederatzigarren izan ziren, eta kadete mutilak, hamabigarren. "Aurrekoarekin batera, 2014a sari eta gorazarreen urtea izan da. Espainiako Eskubaloi Federazioaren domina, Gipuzkoakoaren goraipamena, Zarauzko Udalaren sanpelaiotako izendapen kuttuna... Guztiak izan dira pozgarriak eta eskertzekoak. Lan onaren isla", nabarmendu dute.  "Eskubaloia partaidetzak, orban beltzak, gorazarreek, etorkizuna zaintzeak, entrenatzaileen prestutasunak... eraikitzen du. Baina denak joskoti dituen lotailua laguntzaileak dira, publikoak zein pribatuak". Zarauzko Udala, Foru Aldundia, Amenabar, Aiala, Txiki Polit, C&J Cerrajeros, Zipri eta kiroldegiko hormak estaltzen dituzten beste hainbat eta hainbat enpresa aipatu dituzte. "Horiei esker da gaur Zarauzko Eskubaloia egun dena". Eta batez ere, oinarriaren, "eraikinaren zimentuen" babesa aitortu dute: eskubaloiaren familia osoa, Zarautz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide