Azpeitiko 3x3 I. Futbol Festan 400 haur inguruk hartuko du parte

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 1a

Azpeitia Cup kirol elkarteak antolatutako 3×3 I. Futbol Festa jokatuko da urtarrilaren 2tik 4ra bitartean Azpeitiko Betharrametan. 5 eta 11 urte bitarteko 400 haur inguruk hartuko dute parte. Mikel Rodriguez Azpeitia Cup elkarteko lehendakariak HITZA-ri aitortu dioenez, uste zuen baino haur gehiagok eman dute izena, eta horregatik, balorazio positiboa egin dute: Azpeitiko 50-60 talde inguruk hartuko dute parte, Zarauzko 20-25ek, Azkoitiko 20k, Zumaiako 2 taldek eta Errezilgo talde batek: «Zestoan eta Getarian ez dute izenik eman, baina hala ere asko harritu nau Zarautzen 20-25 talde inguru osatzeak. Aurreikusten genuen talde kopurua bikoiztu dugu, eta lehenengo urtea izateko oso ondo dago», azpimarratu du Rodriguezek. Parte-hartzaileek 10 minutuko bost partida jokatuko dituzte Betharrametan: «Bartzelonatik ekarriko ditugun bi zelai artifizial txiki jarriko ditugu Betharrametan». Euria eginez gero, partidak bertako pilotalekuan jokatzeko asmoa dute antolatzaileek. Irabazlerik gabeko lehiaketa Azpeitia Cup elkarteko lehendakariaren arabera, «ez da irabazlerik egongo» urtarrileko Futbol Festan: «11 urteko haurrekin final txiki bat egiteko asmoa dugu, baina gainerakoetan ez da irabazlerik egongo. Festa bat da; gure helburua da haurrek jolastea». Futbolzaleak ez diren haurrek ere festa honetan ondo pasatzeko aukera izango dute. Izan ere, haurrek jokatuko dituzten partidez gain, kirolarekin zerikusirik ez duten ekintzak ere antolatu dituzte: urtarrilaren 2an, haurrentzako malabaristak eta eskulanen tailerrak egongo dira, eta urtarrilaren 3an aurreko eguneko tailerrez gain, pailazoen emanaldia, bertso eta dantza suelto saioak eta trikitilariak egongo dira. Azkenengo egunean, urtarrilaren 4an, haurrek festako azken partidak jokatuko dituzte, eta trikitilarien saioa ere egongo da. «Aspalditik genbiltzan horrelako zerbait antolatzeko asmoz. Futbolaz gain haurrak bildu eta Azpeitian asteburu eder bat pasatzea nahi dugu», adierazi du Rodriguezek. Aurtengo Beasain Football Fest ikustera joan zen Rodriguez, eta «bertan egiten zutena ikusi ondoren Azpeitian ere antolatzea erabaki genuen. Ez dugu nahi urtarrileko festa guztia futbolean oinarritzerik. Kirol hau aitzakitzat hartuta ekintza gehiago antolatu nahi ditugu haurren zoriontasuna lortzeko asmoz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide