Azpeitiko Udal Kirol sailak emakumeek korrika egiteko saioak antolatu ditu hurrengo urterako

Urola Kostako Hitza 2014ko abenduaren 27a

Bederatzigarrenez antolatuko du Azpeitiko Udal Kirol Sailak Zuk ere ahal duzu! egitasmoa. Ekimen honen helburua emakumeei korrika egitearen onurak eta abantailak ezagutaraztea da. Egitasmoak bost asteko iraupena izango du eta bi txandatan banatuko da. Goizeko taldearen saioa 10:00etatik 11:15era iraungo du eta arratsaldekoa 18:15etatik 19:30etara. "Osasun egoera egokian" dauden emakumeei zuzendutako egitasmoa da eta korrika egiten dutenek edo inoiz egin ez dutenek hartu dezakete parte. Udaletik adierazi dutenez, aurreko urteetan parte hartu dutenen emakumeek ezingo dute aurtengo egitasmoan izena eman. Lehen saioa urtarrilaren 22an izango da. Izen ematea urtarrilaren 7an hasiko da kiroldegian eta 10 euro ordaindu beharko dira. Saioak hasi aurretik bilera informatiboak egongo dira urtarrilaren 15ean. Goizeko txanda aukeratu dutenentzat bilera 10:00etan izango da eta arratsaldeko taldeak, berriz, 18:15ean izango du bilera. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek ondorengo telefono zenbakira deitu dezakete 943-150095 edo kirolak@azpeitia.eus helbidera mezu elektronikoa bidali dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide