Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bizkargi Musika eta Dantza Eskola, Udal Musika Banda eta herriko hainbat musika talde bilduko diren Musikaguneko obrak joan den uztailean hasi zituzten, eta dagoeneko azken lanak egiten ari dira. Obrak martxa onean daudela adierazi dute, eta «ezustekorik ezean» Gabonen ondoren jarriko dute martxan. Hala, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako ikasleek behintzat oporralditik bueltan azpiegitura berrian jarraituko dute aurtengo ikasturtea.
Elkarguneko etxabean biltegi bezala erabiltzen zituzten lokalak egokitu dituzte Musikagunea egiteko, eta mila metro koadroko eremua hartuko du. Hiru gune izango ditu Musikaguneak: musika eskolak, bandak eta musika taldeek leku propioa izango dute, eta bakoitzak bere sarrera eta irteera izango du. Dena den, elkarrekin lotuta egongo dira hirurak. Musika taldeak han batuta, gune berriaren helburuetako bat da elkarren arteko harremana sendotu eta elkarlanerako gunea izatea. Hala, besteak beste, bandak izango duen egoitza musika eskolako orkestrarekin partekatuko dute.
Musika eskolak hartuko du zatirik handiena, eta udalaren arabera, «beharrezko gela eta azpiegitura guztiak» izango ditu, eta behar bezala intsonorizatuta egongo da. Orain arteko egoitzak irisgarritasun baldintzak ez dituelako betetzen lekualdatuko dira Musikagunera. Zerbitzuei dagokienez, besteak beste izango ditu fonoteka, biltegiak, irakasle gela, aldagela, informatika musikalerako gela, musika hizkuntzarako gelak, musika tresnen eskoletarako beste hamar gela eta kumunak.
Musika bandak, berriz, 86 metro koadroko gela izango du entseguetarako, biltegi eta sarrerako bulego batekin batera. Azkenik, musika taldeek entseatzeko guneak 120 metro koadroko eremua hartuko du. Hiru entsegu gela eta komun bat izango dituzte han. Adierazi dutenez, dagoeneko hainbat talde badaude interesatuta, eta egun gunearen funtzionamendua finkatzeko bileretan ari dira talde guztiak.
Azkoitiko Udalak gogoratu du elkarlanean egindako proiektua izan dela, musika eremuko talde eta eragileek zituzten azpiegitura beharretatik abiatuta. Izan ere, taldeak hainbatetan bildu izan dira, «proiektua guztien artean erabakitzeko». Udalaren aurtengo aurrekontuetako inbertsio nagusiena izan da Musikagunea egitea. 780.000 euroko aurrekontua izan du.