Aurten inoiz baino bisitari gehiago pasatu dira Loiolako Turismo bulegotik

Urola Kostako Hitza 2014ko abenduaren 23a

Azpeitiko eta Azkoitiko Turismo zinegotziak, Iñaki Portilla eta Jesus Oteiza eta Loiolako Turismo bulegoko langilea Oihana Aranbarri (Azpeitiko Udala) Apirilaren 10etik abenduaren 12ra arte egon da irekita Iraurgi Berritzenen Loiola Santutegiko turismo bulegoa. Denbora horretan 27.287 pertsona bisitatu dute bulegoa, iaz baino %28 gehiago. Iraurgi Berritzenetik adierazi dutenez, inoizko bisitari kopururik altuena izan dute aurten. Bulegotik pasatu diren bisitari gehienak Espainiatik eta atzerriko herrialdeetatik etorritakoak izan dira: antolatuetako bidaien bisitariak 20.155 izan dira aurten, iaz baino 5.500 gehiago inguru eta beraien kabuz etorritakoak 7.132 izan dira, iaz baino 250 bisitari gehiago inguru. Bestalde, antolatutako bidaiak igo egin direla azpimarratu dute Iraurgi Berritzenetik. Hurrengo urterako erronkak Loiolako Santutegiaren inguruko informazioaz gain, eskualdeko beste ekintzei buruzko informazioa ere eskatu dute bulegora gerturatu diren bisitariek, Bost geltoki historian, Urola Gustagarri, Ezkutuko Altxorrak, Museoak eta ostatuak, bestak beste. Turismo bulegoaren arduradunek diotenez, "turismo eta aisialdiko jarduerari lotuta, eskualdeko ekonomia sustatzeko eta dinamizatzeko tresna estrategikoa bihurtu da, aurtengo jardunean inoiz baino etekin handiago atera zaiona". Hurrengo urtera begira, hainbat erronka erabaki dituzte: turismo bulegoaren funtzionamenduaren "egonkortasuna eta jarraitasuna" bermatu, bulegoari "ikusgarritasuna eta irisgarritasuna" eman eta azkenik, sektoreko enpresen artean turismo bulegoa erabiltzeko ohitura ezartzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide