Asteartean itxiko dute Zarauzko Urteta zabortegia, aurreikusi bezala

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko abenduaren 19a

Zarauzko Urteta zabortegia asteartean itxiko dute. Hori berretsi du  Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuak gaur goizean egindako agerraldian. Azpeitiako Lapatx zabortegia, berriz, 2015eko udazkenean ixtea aurrikusten dute, eta Sasieta 2016 bukaeran, Zubietako TMB planta eta bizigabetutako materia biltegia behin martxan jarrita. Urrian iragarri zuen Martin Garitano ahaldun nagusiak Urteta zabortegia hilaren 23an itxiko zela. Dena dela, azken hilabeteetan zalantzak izan dira horren inguruan. Izan ere, alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du lortu Zubietako TMB planta egiteko ingurumen baimena luzatzea Jaurlaritzak. Proiektu berriak prozedura administratibo berria egitea eskatzen du eta tramite horrek urtebete inguru beharko duenez, atzeratu egingo da Zubietako plantaren eraikuntza. Eta horrek eragina izan du Lapatx eta Sasieta zabortegiak ixteko prozesuan. Urteta ixteko data, ordea, mantendu egingo da, eta beraz, asteartean itxiko dute. Bestetik, Sasieta urtarrilean itxiko dute legeak ezartzen dituen egokitzapen lanak egiteko. Lan horiek sei-zazpi hilabete iraungo dute. Bitartean, Lapatxera bideratuko dituzte Gipuzkoako hondakinak. Agerraldian Errazkinekin batera izan dira Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakaria, Leire Etxaniz Urola Erdiko mankomunitateko lehendakaria eta Amaia Guruzeta Urola Kostakoa. "Gipuzkoa, zabortegi kutsakorrik gabeko lurraldea" “Gipuzkoak zabortegi kutsakorrak ixteko plangintza eta datak ditu", nabarmendu du Errazkinek: " Gipuzkoa zabortegi kutsakorrik gabeko lurraldea izango da, Hego Euskal Herriko lehena; datorren astean beste pauso bat emango du norabide horretan. Eta garrantzitsuena, Gipuzkoa zabortegi kutsakorrak ixteko tresnarik eraginkorrena eta merkeena aplikatzen ari da: birziklapena”. Zentzu horretan, jakinarazi du 2014an hondakinen % 45a birziklatuko dela Gipuzkoan,  iaz baino zazpi puntu gehiago. Halaber, aurten 170.000 tona bideratuko dira  Gipuzkoako zabortegietara: duela zazpi urte baino ia %40 gutxiago. "Hori da gure errealitatea. Horri esker, eta birziklapenaren aldeko joera horri erantzuten dioten azpiegiturei esker, zabortegiak itxi ahal izango ditugu; nahi baino beranduago, baina itxi egingo ditugu”, gaineratu du. Gipuzkoak orain arteko bidetik sendo jarraituko duela gaineratu du Intxaurrandietak. Horrek gero eta gertuago ikusten du 2016an % 60ko birziklatze maila lortzeko helburua betetzea, Europako ingurumen zuzentarauek eskatzen duten bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide