Rosario Lasa: "Hilik daudenengatik ezin da ezer egin, preso daudenengatik bai"

Ane Olaizola 2014ko abenduaren 19a

Rosario Lasa (Tolosa, 1955) GALek hildako Joxean Lasaren arreba da. Azkoitiko bizilagunak Sare mugimentuarekin egin du bat, barruak hala eraginda. Herritarrei aukera eman nahi diete, presoen egoeraren inguruan adierazi daitezen. «Ez dugu ahaztu behar presoez», esan du. Azkoitiko Sare bihar, larunbata, aurkeztuko dute, 11:30ean, Azkoitiko Elkargunean. Zergatik egin duzu bat Sarerekin? Betidanik kezkatu izan nau presoen egoerak. Presoen eskubideen alde egon diren talde eta mugimendu guztietan egon naiz. Bata bestearen atzetik, guztiak legez kanpo utzi dituzte, eta orduan, aukera dagoenean zerbait egiteko, egon behar dudala sentitzen dut. Pertsonalki sentitzen dut, barrutik ateratzen zait. Hil direnengatik ezin da ezer egin. Horiek hilda daude, baina preso daudenengatik zerbait egin dezakegu. Beraz, ahal duguna egin dezagun beraiengatik. Talde anitza sortu nahi zenuten. Lortu al duzue? Neurri batean, lortu dugula uste dut, baina oraindik pauso gehiago eman beharko dira. Ez da erraza, nahiz eta badakigun sentsibilizate askotako jendea eta alderdi politiko guztietakoak daudela presoen egoerarekin kezkatuta. Gertatzen da, ordea, herri mailan hori azaltzeko pausoa ematea zailagoa izaten dela. Baina sinistuta gaude asko daudela presoen egoerarekin arduratuta, eta bere desadostasuna azaltzeko aukera egoki bat aurkezten baldin bazaio jendeari, publikoki adierazteko prest egongo dira. Babes handia jasotzea espero al duzue? Bai. Pertsona esanguratsuak konprometitu dira, eta horiek gakoak izango dira beste jende asko erakartzeko. Gainera, garaiak asko aldatu dira, eta orain errazagoa da presoen alde azaltzea eta mugimendu horietan sartzea. Alde horretatik, gustura gaude, eta pentsatzen dut areagotu egingo dela ideia desberdinetako jendeak presoen eskubideen alde azaltzeko joera. Biharko aurkezpenean jende esanguratsua izango dela diozue. Lorpena izan al da hori? Lorpena izan da, horretan ibili den jendeak ondo aurkeztu duelako gaia eta, gainera, garaiak ere laguntzen duelako. Garaiak aldatu dira, baina presoen egoera ere bai? Daukagun informazioaren arabera, hori da aldatu ez dena. Beti egon da jendea, nire ustez, presoen egoerarekin kezkatuta. Baina egoera politikoa aldatu eta presoenak bere horretan jarraitzearekin, jendea gero eta nabarmenago dago haserre. Taldeak zer ekarpen egin diezaioke herriari? Ekarpenik handienetakoa izan daiteke beren desadostasuna azaltzeko aukera izango dutela. Arazoa zein den guztiok dakigu, baina arazo horretan bakoitzak bere alea nola jarri dezakeen eskainiko diegu. Nolako dinamika izango duzue aurrera begira? Lehenengo zita biharkoa izango da; aurkezpena egingo dugu, ahalik eta jende gehienak babesa eman dezan. Gabon Zahar egunean manifestazioa egiteko deialdia ere zabalduko dugu. Orain arte presoen eskubideen alde egiten diren ekimenekin ere jarraituko da, berdin-berdin ez bada ere. Ikusi beharko da zer ideia berri sortzen diren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide